Gizartea -
Abenduak 22
EAEko herritarrek batez beste 78 euro jokatuko dituzte Gabonetako Loterian
Aurreko urtean baino ia euro bat gehiago da hori, eta bizkaitarrak dira diru gehien gastatuko dutenak, 94 euro batez beste.
agentziak | eitb media
EAEko herritar bakoitzak 77,93 euro gastatuko ditu bataz beste abenduaren 22an jokatuko den Gabonetako Loterian; aurreko urtean gastatutakoaren oso antzeko kopurua (77,09).
Dena den, zenbateko horiek estimazioak dira, Estatuko Loteria eta Apustuek Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara bidalitako txartel kopuruari dagokio, eta zati bat saldu gabe geratzen da beti.
Bizkaitarrak dira zozketan diru gehien jokatuko dutenak, 93,92 euro batez beste, eta atzetik daude gipuzkoarrak (62,63 euro) eta arabarrak (55,75 euro).
Gabonetako aparteko zozketaren historian, sari potoloa 19 aldiz egokitu zaio Bizkaiari, 14 aldiz Gipuzkoari, eta soilik 3tan Arabari.
Eitb.eus-ek zozketaren jarraipen berezia egingo du asteazkenean, eta bilatzaile bat jarriko du, erabiltzaileek bertan jakin dezaten saririk lortu ote duten.