Gizartea -
Koronabirusa
Gabonetan gehienez bi familia unitate biltzea gomendatu du Nafarroako Gobernuak
Leku itxiak ondo aireztatzearen garrantzia ere gogorarazi du Santos Indurain Osasun kontseilariak. Horrez gain, omikron aldaeraren bi kasu konfirmatu ditu.
Agentziak | EITB MEDIA
Gabonei begira gomendio sorta kaleratuko du Nafarroako Osasun Zuzendaritza Nagusiak ostiralean, eta besteak beste, otordu eta tankerakoetan gehienez bi familia unitate edota 10 pertsona biltzea aholkatuko du, covid-19aren kasuek gorakadari aurre egin nahian.
Era berean, etxebizitzak egoki aireztatzea gomendatuko dute, eta sintomak edukita senitartekoekin ez biltzea.
Ebazpenaren nondik norakoak azaldu ditu prentsaurrekoan Santos Indurain Osasun kontseilariak.
Ostalaritzari dagokionez, taberna eta jatetxeen terrazak lehenesteko gomendatuko dute, baita barrualdeak aireztatzeko ere. Kontsumitzen ez den uneetan maskara jantzita edukitzeko betebeharra ere gogoraraziko dute.
Indurainen arabera, aholku horien helburua "ondorio sozial, ekonomiko eta emozional handiagoa duten agertokiak" saihestea da.
Ez dira neurri derrigorrezkoak, gomendio sendoak baizik
Nafarroako Gobernuak zehaztu duenez, Eguberriei begirako horiek ez dira nahitaez bete beharrekoak "gomendio sendoak" baizik. Neurri zorrotzagoak hartzeko aukeraz, Indurainek esan du ospitaleen egoerari erreparatuko diotela "arrisku balorazio orokor" bat egiteko.
Javier Remirez Gobernuko presidenteordeak gogorarazi du alarma egoerarik ez dagoela, eta hortaz, erakundeek "eskura dituzten neurriak mugatuak dira".
"Ez da zertan debekatu behar egin behar dena egiteko", erantsi du Indurainek. Azaldu duenez, "aste hau oso garrantzitsua da zubien ondorioak" zeintzuk diren ikusi eta Gabonei begirako testuingurua aurreratzeko.
Osasun sailburuaren esanetan, "gorakadan nolabaiteko apaltzea" igarri dute. Dena dela, ohartarazi du arrisku handiko egoeran dagoela Nafarroa, 100.000 biztanleko 1.267 kasuko intzidentzia metatuarekin (Espainiako Estatuko tasa puztuena). Nolanahi ere, Espainiako Estatuko zortzigarren erkidegoa da ospitaleen okupazioari dagokionez; seigarrena, ZIUko oheei dagokionez, eta 13.a, heriotza tasari dagokionez.
Omikron aldaeraren bi kasu baieztatu dituzte
Omikron aldaera berria ere ahotan izan du Osasun kontseilariak. Baieztatu duenez, bi kasu berretsi berri dituzte, eta beste bi baieztatzeke dituzte.
Azkenik, covid-19ak erietxeen eguneroko martxan duen eragina hizpide, Indurainek aipatu du asteon ebakuntza "gutxi batzuk" bertan behera utzi behar izan dituzte.