Gizartea -

Koronabirusa

Bilboko eta Donostiako San Tomas azokak, bertan behera

Koronabirusaren pandemia dela eta, Bilboko eta Donostiako udal gobernuek San Tomas azoka antolatzeko baimenik ez ematea erabaki dute.

2018ko Santo Tomas azoka Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
2018ko Santo Tomas azoka Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
2018ko Santo Tomas azoka Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren pandemia dela eta, Bilboko eta Donostiako udal gobernuek San Tomas azoka antolatzeko baimenik ez ematea erabaki dute. Bigarren urtez jarraian erabaki dute hori, pandemiaren bilakaera kezkagarria baita.

Bi Udalek aldi batera eman dute jakitera zer erabaki duten; ildo horretan, batera ibili dira lanean gai honen gainean. Hala zuten iragarrita, aldez aurretik, Eneko Goia eta Juan Mari Aburto Donostiako eta Bilboko alkateek.

Testuinguru honetan, gipuzkoar hiriburuan, Udalak, Donostia Kulturak eta Donostiako Festakek erabaki dute San Tomas ospatzeko baimenik ez ematea, kontuan izanik osasun-egoeraren bilakaera txarra dela eta, halaber, zer gomendatu duen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak.

Gipuzkoako beste festa-ekitaldi batzuekin ere gertatu denez, eta ikusita Donostian eta lurralde historikoko hainbat udalerritan gero eta kutsatze gehiago daudela eta ospitaletan eta gainerako osasun-zerbitzuetan egoera tenkatuta dagoela, hausnartu dute "bateraezina" dela "lurraldeko milaka lagun erakartzen dituen ospakizun hau gauzatzea", adierazi dute Donostiako Udaletik.

LABIri laguntzen dion batzorde teknikoak txostena bidali dio Udalari, datu epidemiologikoak zehatu eta jasotzeko zergatik ez duen jotzen "egoki edo komenigarritzat" neguko azoka tradizionala; izan ere, "hainbat gunetan, eta ostalaritza-establezimenduetan, jende-pilaketak izaten dira".

Beraz, eta osasun-agintarien iritzia jasota, Udalak erabaki du, "zuhurtziari lehentasuna emanez", ez antolatzea San Tomas azoka.

Eneko Goia alkateak "bihotzez" deitoratu du erabaki hori hartu behar izatea, "baina sen onak eta zuhurtziak aholkatzen dute ospakizun hau bertan behera uztea, nahiz eta donostiarrok eta gurean bisitari ditugunek horrenbeste maite duten".

Eneko Goiak azaldu digu zergatik ez den egingo San Tomas azoka Donostian
Eneko Goiak azaldu digu zergatik ez den egingo San Tomas azoka Donostian
Eneko Goiak azaldu digu zergatik ez den egingo San Tomas azoka Donostian

1:30

"San Tomas data oso garrantzitsua da gure bizi-egutegian, eta festa bertan behera uztea erabaki behar izatea gogorra egiten da; baina beharrezkoa eta egokia da, egoera honetan", adierazi du.

San Tomas ez antolatzeko erabakiak "ez ditu hurrengo festa-datak baldintzatzen"; oraingoan gertatu denez, erabakiak osasun-egoera aztertuta eta festa-ekitaldia nolakoa den hausnartuta hartuko dituzte.

Bilbon ere, erabaki bera

Halaber, Bilbon, Udalak erabaki hori bera hartu du, hau da, ez baimentzea aurtengo San Tomas azoka; Osasun Sailak hainbat gomendio helarazi dizkio Udalari, eta, horiei jarraituz, bertan behera gelditu da festa.

Ohar bidez, Bilboko Udalak jakitera eman du neurria egungo egoera epidemiologikoa aztertuta zehaztu duela; hain zuzen ere, egoera horren aholkua da ez egitea horrelako ekitaldiak, gune publikoan jende-pilaketak sortzea ezin baita saihestu.

San Tomas azoka ez ospatzea erabaki du Bilbok
San Tomas azoka ez ospatzea erabaki du Bilbok
San Tomas azoka ez ospatzea erabaki du Bilbok

1:15

Juan Mari Aburto alkateak BBK Fundazioko presidenteari eman dio erabakiaren berri; izan ere, erakunde horrek antolatzen du ekitaldia. Hainbat aukera zituen aztertuta azoka egiteko.

"Pena handiz, baina arduragatik eta zuhurtziagatik, geure burua behartuta ikusten dugu San Tomas azoka ez baimentzeko; espero dugu datorren urtean egin ahal izatea", esan du Aburtok. Gerora, azpimarratu du "zuhurtzia, erantzukizuna eta konpromisoa izateko garaia da, guztiok batera eta banaka ere".

Irunen, berdin

Irungo Udalak ere erabaki du San Tomas azoka bertan behera uztea.

Udalak jakitera eman duenez, LABIren batzorde teknikoaren gomendioei jarraitu diete.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bilbon? Donostia San Tomas azoka Gaurko albisteak Bizkaia Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Koronabirusa Osasun-larrialdi egoera amaitu da EAEn 2022