Gizartea -
Ingurumena
Legebiltzarrak Ingurumen Administrazioari buruzko legea onartu du, oposizioaren kontrako botoarekin
Jaurlaritzak interes publiko goreneko proiektuak gauzatu ahalko ditu, udaleko planetan bestela jasota badago ere. Tapiak defendatu duenez, proiektu mota horiek "oso zehaztuta egongo dira, eta euren araudia edukiko dute".
Agentziak | EITB MEDIA
Eusko Legebiltzarrak, Jaurlaritza osatzen duten bi taldeek —EAJ eta PSE-EE— duten gehiengo osoarekin, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko legea onartu du gaur. Oposizioko talde guztiek kontra bozkatu dute, legean jasota dagoen tresna bat tarteko: interes publiko goreneko proiektuak. Mekanismo horren arabera, Jaurlaritzak proiektu bat martxan jartzeko edo azpiegitura bat eraikitzeko ahalmena izango du, leku horretako udalak bestela ezarria duen arren.
Jaurlaritzak prestatutako lege-proiektuaren harira Legebiltzarreko Jasangarritasun, Ingurumen eta Inguru Naturaleko Batzordeak emandako ebazpena da osoko bilkuran eztabaidatu eta onartu dena. Eztabaida gogorra izan da, eta oposizioa oso kritiko azaldu da, horren ustez Jaurlaritzak udalen eskumenak "inbadituko" dituelakoan. Izan ere, Gobernuak uste badu proiektu batek (araztegi bat, zabortegi bat, hondakinak kudeatzeko zentro bat...) interes publikoa duela egoki deritzon lekuan garatu ahalko da, toki horretako erakundeak kontrakoa irizten badio ere.
Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak azaldu ditu legearen nondik norakoak eta interes publiko goreneko proiektuen beharra defendatu du.
Era berean, oposizioaren jarrera txarretsi du eta "gezurretan" aritzea egotzi dio. "Zarata egiten ari zarete zalaparta interesatu eta manipulatua sortuz", salatu du.
Legea onartu ostean komunikabideen aurrera atera da sailburua, eta azaldu du interes publikoko proiektuak "oso definituta" daudela eta "euren araudia" edukiko dutela "kasuan kasu irizpideak ezarrita".
"Bi jarraibide mota beharko ditugu. Batetik, ditugun zabortegien bizitza apur bat luzatzea, eta bestetik, hondakinak tratatzeko azpiegiturak martxan jartzea. Azken horiek ekonomia zirkularra bultzatzeko bide bat izango dira, hondakinei bigarren bizitza bat emango zaielako", azpimarratu du.
Aitzitik, argitu du Jaurlaritzak ez duela tankera horretako proiekturik mahai gainean. "Berriro diot, ez dugu ahaztu behar interes publikoa izan beharko duela proiektuak, baita ingurumen baimen guztiak ere", gaineratu du.
Oposizioak aho batez kritikatu du lege berria
Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du lege berriak "inposizioa" ahalbidetuko duela, "udalen eskumenak murriztuko dituen heinean". Eta Subijanan gasa ustiatzeko proiektuaren kasua jarri du adibide gisa. Gasteizko Udala egitasmo haren aurka agertu zen, baina araudian egindako aldaketa honekin Eusko Jaurlaritzak proiektu hori martxan jartzeko aukera izango luke, Udalak baztertu egin bazuen ere.
Miren Gorrotxategik (Elkarrekin Podemos-IU) kritikatu du udalerrietako antolamendu planak "hankaz gora" jarriko dituztela eta Arantxa Tapia "ezkutuko alkatea" izango dela. Halaber, herritarren osasunaren eta ingurumenaren gainetik industria lehenetsi dutela deitoratu du.
PP+Cs koalizioko Muriel Larreak adierazi du araudiak badituela bere alde onak, baina EAJk "zikindu" egin duela, eta jeltzaleei nahi dutena egiten utzi diotela aurpegiratu dio Alderdi Sozialistari.
Amaia Martinez (Vox) "zerga berdeen" aurka agertu da eta araudia lantzerakoan udalak kontuan hartu ez dituztela salatu du.