Gizartea -

KORONABIRUSA

Osasun egoera "delikatua" da Nafarroan, eta ez da baztertzen "neurri komunitarioak" hartzea

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariaren ustez, "ez lirateke gutxieneko segurtasuna bermatu ezin den egoerak bultzatu behar".

Iruñeko terraza bat. EFEren artxiboko irudi bat
Iruñeko terraza bat
Zaintza Intentsiboetako Unitateetako okupazioak koxka bat egin du gora Nafarroan

1:17

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariaren hitzetan, Nafarroako osasun egoera "delikatua" da; izan ere, covid-19 kasuak gora eta gora doaz azkenaldian. Hori dela eta, aurrera begira ez du baztertzen "neurri komunitarioak" hartzea.

Kutsatzeek ez dute etenik Nafarroan. Gaur 465 positibo berri atzeman dira, eta atzo, urteko daturik okerrenak: 655. Indurainek komunikabideen aurrean azpimarratu duenez, oraindik finkatzeko dauden adierazleek arrisku handiko egoera baten hasieran gaudela adierazten dute, eta hori osasun-sisteman antzematen ari da.

Ildo horretan, Osasun kontseilariaren arabera, "gaixo kronikoei eragiten dieten arnasketa koadro guztiek" eskatzen dute lehen mailako arreta (urte sasoi honetan ohikoa), eta horri, gainera, covid-19a atzemateko, jarraipena egiteko eta txertatzeko lana gehitu behar zaio.

Ingurumari horretan, Indurainen esanetan, pandemiaren bilakaera ikusita, "ez da baztertzen beharrezkoa balitz neurri komunitarioak hartzea nafarren osasuna lehenesteko".

Eguberrietarako murrizketen inguruan, Nafarroako Gobernua "egoera eta agertoki ezberdinak aztertzen ari da", Indurainek jakinarazi duenez, "esperientzia propiotik eta nazioarteko eta Estatu mailako testuingurutik abiatuta", eta egoerari aurre egite aldera, udalerriekin eta sektore pribatuarekin harremanetan jarraituko duela gaineratu du.

"Gabonetarako eta gabon aurreko jardueretarako bileren egutegia lantzen ari gara", esan du, eta "gutxieneko segurtasuna bermatu ezin den egoerak ez lirateke antolatu edo bultzatu behar", gaineratu du.

5 eta 11 urte artekoen txertaketa

Kontseilariak adierazi duenez, "intzidentzian zenbaki oso altuak daude, baina ez da aztertu behar zenbat, nortzuk baizik", eta 14 urtetik beherakoen ehunekoa handia dela nabarmendu du, eta horien % 50 sintomarik gabekoak direla azpimarratu du.

Horrela, Nafarroak abenduaren 15ean ekingo dio haurren txertaketari, eta, gainera, hitzordurik gabeko txertoaren aukerari eutsiko diola nabarmendu du, baita oraindik txertoa hartu ez dutenei ziztada jartzeko lanari ere. Hirugarren dosia jartzen jarraitzen dutela gogorarazi du.

Proba diagnostiko eta positibo kopuru handiaren aurrean, Indurainek onartu du detekzio sistema tentsionatuta dagoela eta probak egiteko "atzerapenak" daudela.

Halaber, herritarrei maskara erabiltzeko deia egin die, bai barrualdean, baita kanpoaldean ere, segurtasun distantzia mantendu ezin den tokietan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Tutera Gizartea Eguneko albisteak Tafalla Albisteak Medikuak Lizarra Berriozar Sendagaiak Txertoak Barañain Koronabirusa