Gizartea -

Elkarrizketa

Sagardui: "Agian ZIUetan 50 gaixo eduki baino lehen ezarri beharko dugu osasun larrialdia"

Osasun sailburuak azaldu duenez, gainerako adierazleek okerrera egiten jarraitzen dute: atzokoan 648 positibo berri atzeman zituzten eta 200 ospitaleratzeak gainditu ziren. Horrez gain, hiru adingabe erietxeratu behar izan dituzte azken egunetan, covid-19ak jota.

Sagardui, elkarrizketaren une batean. Argazkia: Irekia
Sagardui, elkarrizketaren une batean.
Sagardui, elkarrizketaren une batean. Argazkia: Irekia

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ohartarazi duenez, baliteke Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia aurreikusitakoa baino lehenago ezarri behar izatea, hots, ZIUetan 50 gaixo eduki baino lehen —gaur-gaurkoz 40 inguru daude—, gainerako adierazleek okerrera egiten jarraitzen dutelako. Zehaztu duenez, igande honetan 648 kutsatze berri hauteman dituzte, eta ospitaleetan 200 eri baino gehiago dituzte covid-19ak jota.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean jakinarazi duenez, azken egunetan koronabirusa zuten hiru adingabe erietxeratu behar izan dituzte, baina zorionez, "bilakaera ona izan dute".

Horren ildoan, txertaketa izurriaren kontrako borrokan "oinarrizko tresna" izan dela azpimarratu du. 12 urtetik beherakoak noiz eta non txertatuko dituzten galdetuta, Osasun sailburuak nabarmendu du oraindik ez dakitela zenbat dosi helduko diren. "Zenbat dosi ditugun jakin arte itxaron beharko dugu, eta ondoren zehaztuko dugu nola eta non jarriko ditugun. Plan ezberdinak ditugu dosi kopuruaren arabera (...) Txertoak umeak Gabonetako oporretan daudenean heltzen bazaizkigu, ez dugu itxarongo eta lehenbailehen jarriko dizkiegu", iragarri du. Zehaztu duenez, "jasotako dosien arabera erabakiko dugu non txertatu".

60 urtetik gorakoek, bestalde, errefortzuzko dosia jasotzeko hitzordua har dezakete gaurtik aurrera. Dosiok noiz eman ahal dituzten galdetuta, Sagarduik erantzun du "gaur bertan edo bihar" izan daiteke eskura dituzten prestakinen arabera. "Espero dezagun adin tarte honen erantzuna lehen eta bigarren dosiekin izandakoa bezain ona izatea", erantsi du.

Gripearen kontrako txertaketa kanpainarekin ere "oso pozik" agertu da sailburua. Emandako datuen arabera, 2019an baino % 30 gehiago ziztatu dituzte, eta dagoeneko 430.000 dosi eman dituzte.

Azkenik, espero du Auzitegi Gorenak osasun ziurtagiria ezartzeko baimena ematea. Sagarduiren hitzetan, "ziurtagiria covid-19ari aurre egiteko beste neurri bat da". Osasun pasea derrigortzeak txertaketa bultzatuko ote duen itaunduta, Osasun sailburuak aitortu du oraindik goiz dela hori esateko. "20 eta 39 urte bitartekoak geldoago ari dira txertatzen. Bi aste-edo itxaron beharko dugu balorazio bat egiteko", esan du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak azken ordukoa Txertoak Koronabirusa Osasun-larrialdi egoera amaitu da EAEn 2022