Gizartea -

Koronabirusa

Nafarroak 400dik gora kasu jakinarazi ditu covid-19aren ziurtagiria martxan jarri den egunean

400 kasuak gainditzen dituen lehenengo eguna da uztailaren 28tik. Gainera, pertsona bat hil da eta beste bederatzi ospitaleratu dituzte.

Pertsona bat Iruñean. Argazkia: Efe
Pertsona bat Iruñean. Argazkia: Efe
Covid ziurtagiria nahitaezkoa bihurtu da Nafarroan zenbait lekutan sartzeko

2:16

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroan covid-19aren 405 kasu atzeman zituzten ostiralean 4.042 froga egin ostean, hau da, positibotasun tasa % 10etik gorakoa izan zen, Foru Gobernuak jakinarazi duenez.

400 kasuak gainditzen dituen lehenengo eguna da uztailaren 28tik, orduan 404 kutsatze atzeman baitzituzten % 13,9ko positibotasunarekin. Azken egunotan 361 kasu atzeman zituzten ostegunean (% 9,1eko positibotasuna); 339, asteazkenean (% 9,4); 319, asteartean (% 7.9); 241, astelehenean (% 7); igandean, 198 (% 11,7); larunbatean, 236 (% 9,7); eta aurreko ostiralean, 206 (% 6,6).

Azken 24 orduetan, gainera, pertsona bat hil da gaitzak jota, eta beste bederatzi pertsona ospitaleratu dituzte, bat Zainketa Intentsiboen Unitatean. Hori horrela, 79 pertsona daude guztira ospitalean, eta horietako 12, ZIUn.

Covid-19aren pasaportea

Hain zuzen ere, gaur sartu da indarrean covid-19aren ziurtagiriaren erabilera arautzen duen neurria. Foru Gobernuak azaldu duenez, ziurtagiria 12 urtetik gorakoei eskatuko diete 60 pertsonako edukiera duten jatetxeetan, dantzaleku eta jai aretoetan, kafe-ikuskizun baimena duten establezimenduetan eta baimen berezia duten tabernetan.

Era berean, dokumentua eskatuko dute kultur ekitaldi handietan, barruan egiten badira, janaria eta edaria eskaintzen bada, eta 1.000 pertsonatik gorako edukiera badute. Kasu horixe izango da gaur Aitanaren kontzertua, Navarra Arenan egingo dena.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Covid pasaportea Euskadin