Gizartea -

Araba

Osakidetzako profesionalek "ospitalzentrismoa" eta Lehen Mailako Arretaren "abandonua" salatu dituzte

Sindikatuek berretsi dute profesionalak lanez gainezka daudela eta lan-karga berriak dituztela; ondorioz, erizainen kasuan, esaterako, pazienteak artatzeko itxarote-zerrendak bi astez ere luzatzen ari direla esan dute.

Arabako Lehen Mailako Arretako langile ordezkariak, gaur. Eitb.
Arabako Lehen Mailako Arretako langile ordezkariak, gaur.
Arabako Lehen Mailako Arretako langile ordezkariak, gaur. Eitb.

Agentziak | Eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Lehen Mailako Arretako langileen batzordeko sindikatuek, Eusko Jaurlaritzaren "ospitalzentzismoa"-ren aldeko apustua eta horrek dakarren Lehen Arretaren "abandonua" salatu ditu; egoera "jasanezina" da osasun zentroetan.

Sindikatuetako bozeramaileek hedabideen aurrean agerraldia egin dute ostegun honetan, eta esan dute pandemiaren aurretik "gainezka" zeuden langileak, orain covidaren seigarren olatuarekin "lur jota" daudela.

Itziar Fuente Satse sindikatuko ordezkariak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren egungo osasun-politikak "Lehen Mailako Arreta abandonatzen" duela, gaixotasunen prebentzioa eta osasunaren sustapena alde batera uzten dituela. Haatik, ospital eta osasun zentro handien aldeko apustua egiten duela esan dute, "erakargarriagoak baitira bioteknologiako eta farmaziako industria pribatuentzat".

Irakurri duten adierazpenean esan dutenez, "egoera jasanezina da, urteetan zehar Lehen Mailako Arreta hiltzen utzi baita eta gobernu honen osasun politikak ospitalzentrismoaren aldeko apustua egin duelako, osasuna eskuraezinagoa, pribatizatuagoa eta gero eta ankerragoa" izan dadin eraginez. 

Osakidetzako Lehen Mailako Arretako langileen ustez, "funtsezkoa" da behin-behineko langileak finkatzea, plantilla egonkortzea, egoera berriari neurria hartzea eta profesionalen ihesa saihestea.

Lehen Mailako Arretaren lehentasuna ez da txertaketa izan behar, ez covidaren aurkakoa, ez beste birusen aurkakoa ere. Fuentek esan duenez, "Gasteizko egungo txertaketa-guneak, San Martingo osasun-zentroan, ez ditu betetzen hirugarren dosi masibo bati aurre egiteko baldintzak".

Oso txikia dela esan du, aireztapena ez dela egokia eta jendeak ez duela segurtasun tartea gordetzen.

Azkenik, sindikatuek azpimarratu dute profesionalak lanez gainezka daudela eta lan-karga berriak dituztela, eta, ondorioz, erizainen kasuan, esaterako, bi aste inguruko itxarote-zerrenda dagoela pazienteak artatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Araba Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Sindikatuak Erizaintza Sendagaiak Txertoak Koronabirusa Anbulatorioak