Gizartea -

Koronabirusa

Covid ziurtagiria ezartzeko lege bat eta musukoa kalean derrigorrezkoa izatea eskatu du Eusko Jaurlaritzak

Eremu publikoetan edo ostalaritzako establezimenduetan sartzeko covid ziurtagiria eskatzeko irizpideak Estatu guztian berdinak izan daitezen araudi bat egiteko eskatu dio Iñigo Urkulluren Exekutiboak Espainiako Gobernuari, EAEko Auzitegi Nagusiak baldintza hori ezartzezko baimena ukatu ostean.

Emakume bat covid ziurtagiriarekin establezimendu baten atarian. Argazkia: EFE
Emakume bat covid ziurtagiriarekin establezimendu baten atarian. Argazkia: EFE
Emakume bat covid ziurtagiriarekin establezimendu baten atarian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pandemiaren hedapena gelditzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak bi neurri murriztaile ezarri nahi ditu: covid ziurtagiri digitala eta musukoaren erabilera derrigorrezkoa izatea kalean.

Horretarako, baina, "beharrezkoak diren tresna juridikoak" eman diezazkiola eskatu dio Espainiako Gobernuari, epaileek neurri horiek baliogabetuko ez dituztela bermatzeko.  

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak 'covid pasaportea' ezartzeko baimena ukatu zion atzo Eusko Jaurlaritzari eta horren ondotik iritsi da Pedro Sanchezen Exekutiboari gaur egindako eskaria.

"Atzo agerian geratu zen erkidegook ez dugula baliabide juridiko nahikorik neurriak hartzeko eta, beraz, bitarteko hori gure esku jartzea eskatuko dugu", adierazi du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak gaur goizean egin duen agerraldian.  

Horrela, bada, autonomia erkidegoetako Osasun arduradunek eta Espainiako Osasun Ministerioak asteazken honetan egingo duten bileran, Eusko Jaurlaritzak ondoko eskariak egingo ditu: aire zabalean musukoaren erabilera derrigorrezkoa izan dadila une oro -egun, bi metroko segurtasun tartea mantentzea ezinezkoa denean soilik jarri behar da maskara kalean-; covid ziurtagiri digitala eskatzeko baldintza ezarri ahal izateko irizpideak arautzea; hirugarren dosia ematen hastea; eta 12 urtetik beherakoak txertatzeko kanpaina prest izatea, Europako Agentziaren oniritzia heltzen denean txertaketa berehala abiatu ahal izateko.   

Une honetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dauden prebentzio neurri nagusiak bi dira: jende pilaketa handiak ekiditeko agindua eta musukoaren derrigorrezko erabilera eremu itxietan eta aire zabalean, segurtasun tartea mantendu ezin denean.

Alabaina, Sagarduik aurreratu du pandemiaren bilakaerak okerrera jarraitzen badu eta zainketa intentsiboetako unitateetan 50 pertsona baino ingresatuz gero, Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia berriro ezartzeko aukera aztertuko duela.

Lege hori aktibatuta, Iñigo Urkulluren Gobernuak neurri zorrotzagoak hartzeko aukera izango luke. Edonola ere, Sagarduik ez du zehaztu zeintzuk izan daitezkeen balizko murrizketa horiek.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Txertoak Koronabirusa Maskarak EAEko Justizia Auzitegi Nagusia Covid pasaportea Euskadin Osasun-larrialdi egoera amaitu da EAEn 2022