Gizartea -

Koronabirusa

Pfizer umeetan erabiltzearen inguruko erabakia datorren astean hartuko du Sendagaien Europako Agentziak

Marco Cavaleri Txertaketa Estrategiako buruzagiak deitoratu duenez, Europar Batasunean "txertoa jaso ez duten pertsonen kopurua handia da oraindik", 50 urtez gorakoen artean barne.

Pfizer. Argazkia: EFE
Pfizer. Argazkia: EFE
Pfizer. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pfizer txertoa 5-11 adin tartean erabiltzeko aukeraren inguruan erabakia "datorren aste amaieran" hartuko du Sendagaien Europako Agentziak. Bitartean, immunizazio tasa txikiak dituzten herrialdeetan txertaketa zabaltzeko eta babesa indartzeko dosiak ematea eskatu du.

Marco Cavaleri Txertaketa Estrategiako buruzagiak deitoratu duenez, Europar Batasunean "txertoa jaso ez duten pertsonen kopurua handia da oraindik", 50 urtez gorakoen artean barne. "Arriskurik handiena dutenak dira", ohartarazi du. Gainera, dagoeneko kasu larrien, ospitaleratzeen eta ZIUan amaitzen dutenen "kopurua handiegia" dela gogorarazi du, "bereziki txertoa jaso ez dutenen artean".

Onartu duenez, "ez dago % 100 eraginkorra den txertorik, baina eskuragarri dauden txertoek eraginkortasun oso ona dute gaixotasun larritik babesteko", baina jende asko kutsatzen bada, "batzuk, tartean txertatuak, ospitalean amaituko dute".

"Negura hurbiltzen garen heinean, positiboen eta ospitaleratzeen gorakada ikusten dugu ia Estatu kide guztietan. ZIUetan dauden paziente gehienek ez dute txertorik jaso. Txertoa hartzearen beharra azpimarratu nahi dugu, baita behar dutenek babesa sendotzeko beste dosi bat jasotzea ere", ohartarazi du Cavalerik.

Txertaketa zabaltzea "berebizikoa" da, nabarmendu du, injekzioen portzentajea "oso baxua" den herrialdeetan bereziki.

Cavaleriren ahotan, "babesa indartzeko dosiak garrantzitsuak izango dira txertaketa estrategian". Giza sendagaien Batzordeak (CHMP) Pfizer edo Moderna hirugarren dosia 18 urtez gorakoei ematea posible zela ebatzi zuen, bigarrena hartu eta gutxienez sei hilabetera.

AstraZenecaren eta Janssenen kasuan ere, babesa indartzeko dosi bat emateko aukera aztertzen ari da Sendagaien Europako Agentzia, baina "gomendioa emateko datu nahikorik ez dago, beraz, oraindik goiz da baieztatzeko".

"Azaroaren amaieran" mix & match estrategiaren azterketa bukatzea espero du agentziak, txerto ezberdinen konbinazioa, alegia; baina "ikerketa akademiko batzuek estrategia babesten dute ikuspuntu immunologikotik eta babesaren perspektibatik".

Tratamenduak

Era berean, agentzia balizko tratamenduen azterketa azkar egiten saiatzen ari da. Zentzu horretan, Pfizerrek garatutako pilulari larrialdi erabilera emateko, herrialdeak "aholkatzea" eskatu dio Emer Cooke zuzendariak CHMPri. Konpainiaren arabera, komorbilitateak dituzten pertsonen kasuan heriotza arriskua % 90 murrizten du pilulak. Azterketa ostiral honetan hasiko da.

Era berean, CHMP molnupiravir antibiralaren datuak aztertzen ari da jadanik, buruzagi nazionalei "gomendioak eman" ahal izateko, adibidez, baimendu baino lehen larrialdietan erabiltzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Europa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Umeak Erizaintza Sendagaiak Txertoak Koronabirusa