Gizartea -
Indarkeria matxista
Lau urteko espetxe-zigorra ezarri diote Donostiako Egia auzoan adingabe bati sexu-erasoa egiteagatik
Gainera, kartzela-zigorra bete ondoren beste bi urtez zaintzapeko askatasunean izango da. Gertakariak 2019ko urtarrilaren 7an gertatu ziren parke batean. Epaia ez da irmoa oraindik, aldeek EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean helegitea aurkezteko aukera dutelako.
Agentziak | EiTB Media
24 urteko gazte bati lau urteko espetxe-zigorra ezarri diote Donostiako Egia auzoko parke batean, 2019ko urtarrilaren 7an, 15 urteko adingabe bati sexu-erasoa egiteagatik. Gainera, kartzela-zigorra bete ondoren beste bi urtez zaintzapeko askatasunean izango da.
Epaiaren arabera, gertakariak 21:45 aldera jazo ziren. Akusatuak eta biktimak ez zuten elkar ezagutzen aldez aurretik, eta Hernaniko (Gipuzkoa) geltokian elkartu ziren, Donostiarako trena hartzeko. Ategorrietako geltokira iritsi arte elkarrizketa bat izan zuten, baina bakoitza bere aldetik joan zen.
Jarraian, Matigotxotegi futbol-zelaiaren ondoan dagoen parkera joan zen adingabea, eta eserleku batean jezarri zen. Gutxi geroago, auzipetua eseri zen toki berdinean. "Sexu sena asebetetzeko asmoarekin, bizkarretik heldu eta bularrak ukitu zizkion arroparen gainetik", nahiz eta adingabeak gainetik kendu eta "ez egiteko esan".
Ebazpenak zehaztu duenez, hala eta guztiz ere, gizona "gainera etorri zitzaion, lurrera bota eta gainean jarri zen". Horregatik, neska "garrasika hasi" zen, akusatuak "eragozteko" eskua ahoan jarri eta isiltzeko esaten zion bitartean.
Adingabeak jaramonik ez zionez egin, erasotzaileak lepotik heldu zion bi besoekin, "itolarria sentitzera helduz". Halako batean, biktima berriz askatu zen, baina aldamenean berriro jarri zitzaion eta "hankartea" ukitu zion, nerabea eskua kendu, zutunik jarri eta "ihes egitea" lortu zuen arte.
Gizona zigortzeko, sententziak biktimaren adierazpenei "sinesgarritasuna" eman die, prozedura osoan "ez delako aldatu", "koherentea" izan delako eta "kontraesanik" izan ez duelako.
Gainera, adingabearen lekukotza, haren amarena, udaltzainena eta adituenaren "balorazio bateratua" egin du epaiak, biktimaren bertsio nagusiaren "fidagarritasuna indartzen" dutelako.
Sententzia oraindik ez da irmoa; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren (EAEAN) aurrean apelazio helegitea aurkeztea posible da.