Gizartea -

Indarkeria matxista

Akusatuak Mbeugou hil zuela onartu du, baina bere burua defendatzeko egin zuela esan du

Ustezko hiltzaileak adierazi du emakumea izan zela bera zegoen gelara labana batekin sartu zena. Dena dela, honakoa aitortu du: "Hil bazen, nire erruagatik izan zen". Akusazioek 44 urtera arteko zigorra eskatu dute harentzat.

Mbeugouren ustezko hiltzailea, epaiketan. Argazkia: EFE
Mbeugouren ustezko hiltzailea, epaiketan.
Maguetteren epaiketan, errudun deklaratu da akusatua, baina bere burua babesteko egin zuela esan du

1:21

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bara Mbiayeek, Maguette Mbeugou 25 urteko senegaldar eta emaztea hiltzeagatik akusatua denak, onartu egin du berak hil zuela emakumea, baina bere burua defendatzeko egin zuela esan du Bizkaiko Lurralde Auzitegian egiten ari diren epaiketan.

Ustezko hiltzaileak epaiketaren bigarren egunean deklaratu du, aldeek euren eskaerak egin ostean. Akusazioek 44 urtera arteko espetxe zigorra galdegin dute gizonarentzat, erailketa, adingabeak abandonatzea eta tratu txarrak eragitea egotzita.

Hilketa 2018ko irailean jazo zen Ollerietagoiena kalean (Bilbo) bikoteak zuen etxebizitzan, 2 eta 4 urteko alaben aurrean. Haurrak 24 orduz egon ziren etxean amaren gorpuarekin, bizilagun bat gertatutakoaz ohartu zen arte. Aurrez, mehatxuengatik eta tratu txarrengatik salaketak aurkeztu zituen emakumeak, baina epaileek absolbitu egin zuten.

Fiskalak egindako galderei erantzunez, gizonak aitortu du lepoa moztu ziola emazteari, baina esan du ez dakiela "nola" eman zituen hainbeste labankada: "Ezin dut kontatu nola izan zen borroka edo nola hil zen. Hil bazen, nire erruagatik izan zen. Erruduna naiz", onartu du horri buruz hitz egitea kostatzen zaiola gaineratu badu ere. "Gainditu nahi dut", adierazi du.

Azaldu duenez, Mbeugou bera izan zen labanarekin eraso ziona, alabekin lo zegoela (justu kontrakoa diote akusazioek).

Era berean, Mbiayeek azaldu du pisutik joan zenean, emakumearen hilotza eta bi alabak han utzita, bazekiela emaztea hilda zegoela. Ez du jakin azaltzen zergatik ez zien ertzainei edo anbulantzia bati deitu, eta Mutrikura joan zela kontatu du.

Biktimarekin zuen harremanaz galdetuta, ukatu du emaztea banatu nahi zela eta harremanak une "onak eta txarrak" zituela erantsi. Mbiayeeren hitzetan, bera ez da "pertsona bortitza" eta ez zion emazteari tratu fisiko edo psikologikorik eman.

Bara Mbiayee ustezko hiltzailea.

44 urtera arteko kartzela zigor eskaerak

Aldeek euren zigor eskaerak egin dituzte epaiketaren bigarren egunean. Akusazioek (lau dira, guztira) eskaera ezberdinak egin dituzte, eta Bilboko Udalarena izan da handiena: 44 urteko kartzela zigorra.

Erailketa, adingabeak abandonatzea eta horiei lesio psikologikoak eragitea, eta emakumeari ohiko tratu txarrak ematea leporatu dizkio Bilboko Udalak Mbeugouren senar eta ustezko hiltzaileari. Horrez gain, familiarentzat milioi bat euroko kalte-ordaina galdegin du.

Akusazio partikularrak, alegia, familiaren abokatuak, 36 urteko espetxe zigorra eskatu du. Fiskaltzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, bestalde, 25 urteko eskaerak egin dituzte. Fiskaltzak eta Aldundiak delitu bakarra ikusi dute, baina ezberdina (erailketa, lehenak; hilketa, bigarrenak).

Defentsari dagokionez, hilketa delituagatik zortzi urteko kartzela zigorra eskatu du bere bezeroarentzat, bi aringarri ezarri behar direla uste badu ere. Izan ere, argudiatu duenez, akusatuak "bere burua defendatzeko hil zuen emaztea", "beldur handia" baitzion.

Mbeugouren nebak epaitegiaren atarian gaur esan duenez, ''justizia bidezkoa izatea'' espero du. Dena den, ohartarazi du badakitela akusatuak "gezurra" esango duela.

Maguette Mbeugouren anaiak ''justizia bidezkoa izatea'' eskatu du
Maguette Mbeugouren anaiak ''justizia bidezkoa izatea'' eskatu du
Maguette Mbeugouren anaiak ''justizia bidezkoa izatea'' eskatu du

1:21

Epaiketa ostiralean hasi zen, herri-epaimahaiaren aukeraketarekin.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Bilbo Indarkeria matxista Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Epaiketak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Erailketak