Gizartea -
Indarkeria matxista
Hasi da Maguette Mbeugouren hilketa argitzeko epaiketa
Fiskaltzak eta akusazio partikularrak 25 urteko kartzela-zigorra eskatzen dute hiltzailearen, senarraren, aurka. Astelehenean galdetuko dute gizonezkoa. Biktimaren abokatuak emakume migratzaileen egoera zaurgarria salatu du.
AGENtziak | EITB Media
Herri-epaimahaiaren aukeraketarekin hasi da gaur Maguette Mbeugou 25 urteko senegaldarraren hilketa argitzeko epaiketa. Senarrak hil zuen Mbeugou labankadaz 2018ko irailean, Bilbon, 2 eta 4 urteko alaben aurrean.
Epaiketa urtarrilaren 29an hasi behar zen, baina atzeratu egin zuten. Azkenean, datorren astelehenean galdekatuko dute akusatua, eta Fiskaltzak eta akusazio partikularrak 25 urteko kartzela-zigorra eskatzen dute bere aurka. Gainera, akusazio partikularrak beste hiru urteko espetxeratzea eskatzen du tratu txarrengatik, eta beste zortzikoa alabak abandonatzeagatik. Izan ere, haurrak 24 orduz egon ziren etxean amaren gorpuarekin, bizilagun bat gertatutakoaz ohartu zen arte.
Gaur goizean Bilboko Justizia Jauregian sartu aurretik, Jone Goirizelaia biktimaren anaiaren abokatuak esan du bere bezeroak nahi duena dela "argi" geratzea iritzi publikoaren aurrean "zer gertatu zen".
Abokatuak adierazi du "agerian" geratu behar dela emakumeek "indarkeria pairatzen jarraitzen" duela, eta amaitu egin behar dela "gaitz" hori. "Emakumeok pairatzen dugu (indarkeria) normalean, baina migratzaileek are gehiago", salatu du. Mbeugouren anaia Parisen bizi da, eta bere gain hartu du biktimaren bi alaben ardura.
Ahozko saioak zazpi egun iraungo du, eta gaur atariko kontuak argitu eta herri-epaimahaia aukeratu dute. Epaimahaiak erabaki beharko du Mbeugouren senarrari hilketa delitua egozten dioten edo ez.
Emakumea 2018ko irailean hil zuen senarrak Ollerietagoienan. Gizona ordu batzuk geroago atxilotu zuten Mutrikun (Gipuzkoa), gorpua aurkitu ostean.
Maguette Mbeugouk senarraren aurkako salaketa aurkeztu zuen indarkeria matxistagatik, eta urruntzeko agindua ere eskatu zuen, baina epaileek ukatu egin zioten. Krimenaren ostean, Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidente zenak onartu zuen kasu hori "Justiziaren hanka-sartze handia" izan zela.