Gizartea -
Koronabirusa
Europako Sendagaien Agentziak ontzat eman du herritarrek orokorrean Modernaren hirugarren dosia jasotzea
Agentziak zehaztu duenez, hirugarren dosi hori bigarrena jaso eta sei hilabetetik zortzi hilabetera eman beharko liekete 12 urtetik gorako herritarrei.
Agentziak | EITB MEDIA
Europako Sendagaien Agentziak, astelehen honetan, ontzat eman du herritarrek orokorrean Modernaren covid-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia jasotzea.
Hirugarren dosi hori, Agentziak zehaztu duenez, bigarrena jaso eta sei hilabetetik zortzi hilabetera eman beharko liekete 12 urtetik gorako herritarrei.
Europako Sendagaien Agentziak estatubatuar farmazeutikoak aurkeztutako datuak aztertu ditu; datu horiek erakusten dute hirugarren dosiak "gorakada" dakarrela, helduetan, "antigorputzen mailetan"; denborak aurrera jo ahala, detektatuta zuten antigorputzen kopuruak behera egiten zuela.
Hain zuzen, Europako Sendagaien Agentziak baieztatu du "aintzat hartzekoa" dela Modernaren hirugarren dosi hori; izan ere, lehen jarraibidearen erdia da, kontuan izanik azken hori bi dosikoa dela. Albo-ondorioak bigarren dosiak eragiten dituenak bezalakoak dira; hanturazko bihotz-gaixotasunak eta beste ondorio kaltegarriak pairatzeko arriskua, baina, "arreta handiz" ari dira kontrolatzen, dio agentziak.
Iritziaren berri emanez, Europako Sendagaien Agentziaren helburua da osasun publikoaren erakundeek gomendio ofizialak eman ahal izan dezatela. Horretarako, hainbat puntu izan beharko dute kontuan, pandemiaren tokiko egoera kasu.
Hilabete honetan bigarrenez babestu du Europako Sendagaien Agentziak errefortzuko dosiren bat; izan ere, urriaren hasieran Pfizerren hirugarren dosia ere aldeztu zuen, 18 urtetik gorako helduentzat.
Immunologia-sistema oso ahulduta duten hiritarrei dagokienez, baina, errefortzu-dosien kontua bestelakoa da; Europako Sendagaien Agentziak, kasu horretan, gomendatu zuen dosi gehigarria ematea, Pfizerrekin zein Modernarekin, bigarren dosia jaso eta gutxienez 28 egunera.
Txertaketa-kanpainarekin lotutako erabakiak, Europar Batasunean, herrialdeek hartu behar dituzte.