Gizartea -
klima-aldaketa
Nola aurre egin emergentzia klimatikoari? Egunerokorako 13 keinu oso erraz
IHOBE erakundeak larrialdi klimatikoaren aurkako 52 keinu gomendatu ditu, eta, horiek betetzeko ahalegin mailaren arabera, bost mailatan sailkatu ditu.
eitb media
IHOBE Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak gomendio-sorta argitaratu du, gizabanakoei krisi klimatikoari aurre egiten laguntzeko, 52 keinu txikiren bitartez. Ahalegin mailaren arabera egin du erakundeak ekintza horien sailkapena: oso errazak, errazak, normalak, zailak eta oso zailak.
Hona hemen larrialdi klimatikoari aurre egiteko egunerokorako 13 keinu oso erraz:
1) 'A' etiketa duten etxetresnak erosi
Tresna elektriko edo elektroniko berririk erosi baino lehen, benetan behar ote ditugun begiratzeko esaten digu IHOBEk. Behar izatekotan, 'A' etiketa duten etxetresna elektrikoak aukera ditzakegu, energia gutxiago kontsumitzen baitute, gauza bera egiteko.
2) Zaborra ondo kudeatu
Hiriko birziklatze-edukiontzi guztien artean, horira iristen dira okerreko hondakin gehien, beste ontzi batera bota behar liratekeenak. Kontserba-latak edukiontzi horira bota behar direla azpimarratzen du IHOBEk, baita koipetsu badaude ere. Izan ere, aluminiozko lata bat birziklatuz gero, % 90 aurrez daiteke berri bat egiteko behar den energia. Gainera, lata hori egiteko behar den energia nahikoa da telebista bat bi orduz martxan edukitzeko.
3) Klimatizazioa arduraz erabili
Eroso egoteko, 19 °C eta 21 °C artean egotea nahikoa da, IHOBEren arabera. Etxeetako energia-kontsumoaren ia erdia, % 45, berogailuan joaten da. Hori ekiditeko, termostatoa programatu dezakegu, leihoak gehienez ere 10 minutu zabalik utzi, eta gauez pertsianak eta gortinak itxi, berotan aurrezteko.
4) Behar denean bakarrik erabili ur beroa
Ur beroa zentzuz erabiltzeko gomendatzen digu erakundeak, eta iturria alferrik zabalik ez uzteko, hortzak garbitzen edo bizarra egiten ari garen bitartean. Bestela, baliteke denbora-tarte horretan 75 litro ur bero ere kontsumitzea.
5) Argiak itzali
Gelatik unetxo bat irten behar baduzu ere, itzali argiak, eta, ahal bada, argi naturala erabili. Era berean, gomendagarria da espazio erkideetan (atari edo garajeetan, esate baterako) mugimendu-detektagailuak ipintzea, argiak automatikoki piztu eta itzaltzeko. Etxean kontsumitutako energiaren % 10 argitan joaten da.
6) Janari prestatu berririk ez sartu hozkailuan
Hozkailuan janari berorik sartu baino lehen, itxaron hoztu arte. Izan ere, etxeetan kontsumitzen den elektrizitatearen % 18 elikagaiak hozteko eta izozteko erabiltzen da. Halaber, elikagaiak sartzeko edo ateratzeko orduan, behar denean bakarrik ireki atea, eta lehenbailehen itxi.
7) Hozkailuko termostatoa behar bezala egokitu
Hozkailuaren tenperaturarik egokiena 5 °C-koa da hozkailuaren erdiko aldean. Izozkailua, berriz, komeni da -18 °C-an izatea.
8) Amaitu baino bost minutu lehenago itzali labea
Amaitu baino bost minutu lehenago itzalita ere, geratzen den hondar-beroa nahikoa izango da labean jakiak egiteko prozesua amaitzeko. Bero hori aprobetxatuta, kontsumo efizientea lortuko dugu.
9) Ontzi-garbigailuan, tenperatura baxuko programak erabili
Ontzi-garbigailuak kontsumitzen duen energiarik gehiena (% 90, gutxi gorabehera) ura berotzeko erabiltzen du, eta gainerakoa (% 10), berriz, motorra berotzeko.
10) Gomendatzen duten beste bete garbigailua, eta, ahal duzun guztietan, hotzean garbitu
Ingurumen hobekuntzarako erakundeak dioenez, arropa-garbigailua erdiraino betez gero, ez duzu energia erdia kontsumituko. Hortaz, itxaron guztiz betetzeko arropa adina pilatu arte, eta orduan jarri, baina gehiegi kargatu gabe. Bestalde, arropa oso zikin ez badago, tenperatura baxuko programak erabil ditzakezu.
11) Urrunera joan gabe egin daiteke turismoa, zure ingurua ezagutuz
IHOBEk euskal lurraldearen paisaia-aberastasuna nabarmendu du, etxetik hurbil ere turismoa egin daitekeela azpimarratuta. Euskadiko Natura 2000 Sarean 55 naturgune ditugu, beste 27.000 parajerekin batera Europako Natura 2000 Sare barruan daudenak.
12) Aire egokitua piztu gabe freskatu automobila
Automobila hozteko beste modu bat proposatu du IHOBEk, aire girotua piztu gabe, minutu bakarrean: ate guztiak itxi, kopilotuarena ireki eta, jarraian, gidariaren atea ireki eta itxi bost bat bider, ahal bezain bizkor. Barruko haize beroa kanpora botatzeko egin daiteke hori, eta ibilgailu barruko tenperatura 10 gradu jaits daiteke horrela.
13) Fakturak Internet bidez ordaindu
Paper gutxiago erabilita, zuhaitz gutxiago bota beharko ditugula gogorarazi du IHOBEk. Fakturak internet bidez ordaintzea edo argazkiak sare sozialen bidez, inprimatu gabe, bidaltzea gomendatu dute erakundetik.
Krisi klimatikoaren aurka ekiteko premia
XIX. mende amaieratik, batez besteko tenperaturak 1 °C egin du gora lurrazalean, eta mende honetan zehar ere igotzeko bidean da. 2015ean Parisko Hitzarmenean 190 herrialdek erabaki zutenez, klima-aldaketaren ondoriorik larrienak ekiditeko, 2 °C baino gutxiagokoa izan behar da beroketa globala.
Inoiz izan diren 18 urte beroenen artean, 17 mende honetan izan dira. IHOBEren arabera, eguzkiaren beroa atmosferaren barruan hertsitzen duten "gero eta gas gehiago" isurtzen dira, eta, ondorioz, "geuk sortua da klima-aldaketa hau".
Euskadik klima-aldaketarako estrategia bat du martxan, Klima 2050, gas-isurketak % 80 murriztea helburu duena.
"Denok egin behar dugu ahalegintxoa. Ez dugu B planik, ez dugulako B planetarik", IHOBEren arabera.