Gizartea -
KORONABIRUSA
Pertsona bat hil da Nafarroan covid-19ak jota
Ospitaleetako presioa nabarmen jaitsi da, egun 26 gaixo baitaude ospitaleetan, horietako bi ZIUn (bezperan baino hiru gutxiago).
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Aste honetan lehen aldiz, pertsona bat hil da Nafarroan covid-19ak jota. Horrez gain, 18 positibo berri zenbatu dituzte, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.
Bezperako datuekin alderatuta, 15 kasu gutxiago dira. Gainera, duela astebete hautemandako 32 kutsatzeetatik urrun daude, eta duela 14 egun zenbatutako 23 kasuetatik behera ere badaude. Positibotasun tasak ere behera egin du (% 1,3), 1.368 proba egin ostean 18 kasu atzemanda.
Ospitaleetako egoera nabarmen samurtu da, eta ostegunean ez da inor erietxeratu behar izan. Hala, guztira 26 pertsona daude ingresatuta, eta horietako bi ZIUn daude (asteazkenean baino hiru gutxiago).
Datuak udalerriz udalerri aztertuta, Iruñeko Donibane auzoan lau positibo berri zenbatu dituzte, eta Mutiloan eta Berriozarren, berriz, bina atzeman dituzte.
Txertaketa datuei dagokienez, 519.307 nafarrek dute jada pauta osoa.
OHARRA: Hemendik aurrera, covid-19ak Nafarroan duen bilakaerari buruzko datuak astean behin emango ditugu.