Gizartea -
KORONABIRUSA
Nafarroak positibo kopurua hirukoiztu du eta ospitaleratzeak ere igo egin dira
Hazkundea gorabehera, 29 pertsona daude erietxeratuta (bezperan bezainbat), eta horietatik bost ZIUn (asteartean baino bat gutxiago)
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Kutsatzeetan gora egin du Nafarroak azken orduetan, eta 33 kasu berri atzeman ditu, Foru Erkidegoak emandako datuen arabera. Egindako 1.554 proba diagnostikoetatik % 2,1 eman dute positibo.
Bezperan halako hiru baino gehiago dira (asteartean zortzi kutsatze bakarrik zenbatu zituzten), eta duela astebeteko datuekin alderatuta, % 1,2 egin dute gora. Duela 14 egun hautemandakoak baino 15 gehiago dira.
Asteazken honetan bi pertsona gehiago ospitaleratu behar izan dituzte, baina bakar bat ere ez dute ZIUn sartu. Hori horrela, 29 pertsona daude erietxeratuta (bezperan bezainbeste), eta horietatik bost larri daude ZIUn (asteartean baino bat gutxiago).
Herri eta osasun guneei dagokienez, Iruñeko Mendebaldean hiru kutsatze hauteman dituzte. Zulueta eta Murueta herrietan eta Iruñeko Iturrama auzoan, berriz, bina.
Txertaketari dagokionez, 518.834 nafarrek dute pauta osoa.