Gizartea -
Koronabirusa
Kutsatze gehiagorekin baina erietxeetako presioa arinduta bukatu du iraila Nafarroak
32 kasu hauteman dira azken egunean, bi astetan lehen aldiz, positiboak 30eko langatik gora daude. Igoera hori izan den egun berean, gauerdian bukatu dira murrizketak Foru Erkidegoan.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Nafarroan 32 positibo atzeman dituzte iraileko azken egunean, Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Atzo 1461 proba egin ziren eta % 2,2 izan ziren positiboak
Bezperan halako ia bi dira, eta duela astebete atzemandakoak baino 11 gehiago. Duela 14 egun zenbatutakoen bueltan daude, dena den. Azken 15 egunetan lehen aldiz, positiboak 30eko langatik gora daude.
Igoera hori izan den egun berean, bukatu egin dira murrizketak Nafarroan.
Udalerrien egoeran ere igarri da igoera. Beraizen lau kasu atzeman dituzte, eta Buñuelen eta Iruñeko Arrosadia auzoan, hiruna. Azkenik, Uharten, Zizur Nagusian eta Iruñeko II. Zabalgunean bina positibo zenbatu dituzte. Kutsatzeren bat izan duten gainerako udalerrietan bakarra atzeman dute.
Ospitaleetako datuek hobera egin dute azken egunean. Ez da inor erietxeratu beharrik izan azken orduetan eta behera egin dute ospitalean daudenen kopuruak ere. Gaur egun 35 lagun daude covid-19agatik erietxeratuta, bezperan baino 5 gutxiago; ZIUtan dauden erien kopura ere jaitsi egin da, 10etik 8ra. Gainera, azken orduetan ez da inor hil Nafarroan koronabirusak jota.