Gizartea -
Ikastolen ikasturte hasiera
Koldo Tellitu: "Ezagutzak ez du eraginik euskararen erabileran"
Ikastolen Elkarteko lehendakariak uste du pandemiak "azkartu" egin duela "lehendik zetorren gainbehera". Bildarratzek esan du "aukera ezinhobea" dela hezkuntza sistema eraldatzeko.
eitb media
Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak azpimarratu du euskararen ezagutzak ez duela eraginik euskararen erabileran, eta pandemiak "azkartu" egin duela "lehendik zetorren gainbehera".
Ikastolen ikasturte hasierako ekitaldia egin dute gaur Mungian (Bizkaia), eta bertan egin ditu adierazpenok Tellituk.
Ikastolen elkarteko lehendakariak gogorarazi du ikasleen artean "euskararen ezagutzak eta kalitateak behera" egin dutela, eta hori "ohartarazten" ari direla duela hiru urtetik.
Aitortu du azken 20 urteetan euskararen ezagutza handitu egin dela, baina ez datorrela bat "zuzentasunarekin, hau da, euskararen maila ez da ona".
EH Bilduk aurreko astean aurkeztu zuen hezkuntza sistema berritzeko proposamena, eta horrek berriro ireki du eztabaida. Horren harira, Tellituk esan du eraldaketa sakona behar duela hezkuntzak, eta ezinbestekoa dela eragile guztiek bat egitea diagnosian. Era berean, bestelako murgiltze eredu bat aldarrikatu du, ikasle guztiak euskaraz hiztun oso izan daitezen.
Hezkuntza sistema eraldatzeko "aukera"
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak ere parte hartu du ekitaldian, eta adierazi du eragile guztien artean euskal hezkuntza sistema eraldatzeko "aukera" aprobetxatu beharra dagoela.
Horretarako, eta profesionalek pandemian izan duten jarrera goraipatu ostean, eragile horien ekarpenak eskatu dtu.