Gizartea -
Errefuxituak
Dozenaka lagunek protesta egin dute Getxon EBren migrazio politika salatzeko
Protesta bat egin dute Ereagako hondartzan, Ongi Etorri Errefuxiatuak etorkinen harrerarako plataformak deituta.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Dozenaka lagunek Europar Batasunaren migrazio politikaren aurkako protesta egin dute igande honetan Getxoko Ereaga hondartzan, Ongi etorri errefuxiatuak etorkinen harrerarako plataformak deituta, 'Itsasoak ekartzen diguna' lelopean.
Parte-hartzaileek, 'Amets ito gehiagorik ez' eta 'Inor ez da legez kanpokoa' dioten pankartekin, "bizitzaren aurkako gerran dagoen migrazio eredua" salatu dute. "Migratzaileen esplotazioa eta tratu txarrak, gehiegikeriak eta indarkeria arrazista globala eta instituzionala salatzen ditugu", adierazi dute.
"Mugetako nekropolitika" deiturikoa ere kritikatu dute, beste herrialde batera igarotzeko Europar Batasuneko mugak zeharkatzen saiatu diren etorkinei erreferentzia eginez.
Migrazio politika duin eta eraginkorrak ezartzea eskatu dute, "erregularizaziotik eta Atzerritarren Legea ezabatzetik igarotzen direnak". Bestalde, "harrera plan duin eta eraginkorra, giza eskubideak errespetatzen dituena, diruz hornitua eta udalekin eta foru-aldundiekin koordinatua" eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.
Azkenik, "bide legal eta seguruak" eskatu dituzte "igarotzen ari diren pertsonentzat, eta dituzten eskubideak bermatzea harrerako herrialde eta lurraldeetan eta, jakina, gurean", Afganistango egungo egoerari erreferentzia eginez. Izan ere, milaka pertsona ari dira talibanek gobernatzen duten herrialdetik ihes egiten.