Gizartea -
Koronabirusa
Urriaren 4an hasi daitezke erresidentzietako adinekoei hirugarren dosia ematen
Erkidego guztiek onartu dute Espainiako Osasun Ministerioak egindako proposamena, baina azken erabakia ostegun honetako Osasun Batzordean hartuko dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Datorren urriaren 4an erresidentzietako adinekoei covid-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia ematen hasteko proposamena egin du Espainiako Osasun Ministerioak eta erkidego guztiek babestu dute planteamendua.
Hala iragarri du Carolina Darias Osasun ministroak lurraldeen arteko osasun kontseiluaren ostean egin duen agerraldian. Halaber, herritarren % 75ak txertoaren pauta osoa hartu dutela azpimarratu du agerraldi horretan.
Adinekoei ez ezik, Osasun Ministerioak eta erkidegoek beste kolektibo batzuetara zabaldu nahi dute hirugarren dosia. Hala, immunitate baxua duten pertsonei ere hirugarren dosia ematea aztertzen ari dira, tartean minbiziak jota daudenei edo Down sindromea duten 40 urtetik gorako pertsonei.
Proposamena ostegun honetan aztertuko dute Osasun Publikoaren Batzordearen bileran, baina lurraldeen arteko osasun kontseiluan aho batez onartu dutela ikusita, pentsatzekoa da aurrera egingo duela.