Gizartea -
OSASUN ETXEA
Neurrien arintzean "presarik ez" izateko eskatu du Zubiak
"Txertoari esker" pandemiak nabarmen hobera egin badu ere, Donostiako ZIUko buruaren hitzetan, oraindik, badira bi neurri mantendu beharko liratekeenak: musukoak toki itxietan eta murrizketak gaueko aisialdian.
EITB MEDIA
Covid-19ren kutsatze-katea nabarmen apaltzen ari da azken asteotan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta ospitaleetan ere egoera lasaitzen ari da. Hala, larunbat honetan 186 koronabirus kasu berri atzeman dituzte, eta positibotasun-tasa sei hamarren jaitsi da, % 4,3raino. Hain zuzen ere, ekainaren 28an lortu zen azkenekoz 200 positiboen langa ez gainditzea.
Felix Zubia Donostiako Ospitaleko ZIUko buruak igande honetan azaldu duenez, ordea, oraindik "paziente asko" dituzte ospitaleetan koronabirusarekin. Dena dela, aurreko hilabeteekin alderatuta, "lasaiago" daudela onartu du Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan.
Neurri murriztaileak arintzeko une egokia ote den galdetuta, mediku zarauztarrak "denbora" eskatu du. Testuinguru horretan, aurreko olatuetan egindako akatsetatik ikasi, eta neurriak presarik gabe arintzearen alde agertu da.
Iñigo Urkullu lehendakariak LABIren Aholku Batzordearen bilera berri bat deitu du ostiralerako, irailak 17. Pandemiak Euskadin izan duen "bilakaera onarekin" bat dator deialdia, eta indarrean dauden prebentzio-neurriak lasaitzea ekar lezake.
Hori bai, bere hitzetan, badira bi gauza mantendu beharko liratekeenak: espazio itxietan musukoaren erabilera eta gaueko aisialdian ezarrita dauden murrizketak. "Espazio itxietan eta gauean sortzen dira kutsatze foku nagusiak", esan du.
Koronabirusaren aurkako txertoaren hirugarren dosiari buruz ere bere iritzia eman du Zubiak. Gaur gaurkoz, ez du ikusten biztanleriaren gehiengoari hirugarren dosia jartzeko premiarik. Izatekotan, immunoeskasia duten pertsonei jarri edo ez ondo aztertu beharko litzatekeela azpimarratu du.