Gizartea -
KORONABIRUSA
Nafarroak beheranzko joera hautsi du, bezperako datuak bikoiztu baititu
70 kutsatze berri atzeman dituzte, baina aurreko asteetan zenbatutakoen azpitik daude.
Eider Garaikoetxea | EITB Media
Hirugarren egunez jarraian beheranzko bidean egin ostean, positiboen kopuruak gora egin du Nafarroan, bezperako datuak bikoiztuta. Hala, igandean 30 positibo berri zenbatzetik 70 kutsatze atzematera igaro dira, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.
Dena dela, aipatzekoa da duela astebete 78 kasu hauteman zituztela, eta duela 14 egun, 102. Hortaz, intzidentzia-tasa metatuak beherantz egiten jarraitzen du.
Atzo 1.324 proba egin ziren eta, horietako % 5,3 positiboak izan ziren.
Kasu gehien pilatzen dituzten udalerri edo osasun guneei dagokienez, Tutera da denen buru, zazpi kutsatzerekin. Antsoainen eta Iruñeko Alde Zaharrean bosna positibo zenbatu dituzte, eta Barañainen eta Iruñeko Arrotxapea auzoan, launa.
Atzo bi lagun ospitaleratu behar izan zituzten, bat ere ez ZIUn. Hala, 69 dira covid-19ak jotako gaixoak erietxeetan (bezperan baino bat gutxiago) eta horietatik 22 daude larri (aurreko egunean baino bi gutxiago). Azken orduetan ez da, gainera, inor hil covid-19agatik.
Bestalde, atzoko egunean 2.830 dosi jarri ziren, eta guztira jarri diren dosiak, beraz, 944.952 dira. Halaber, 489.750 nafarrek osatu dute txertoaren jarraibidea.