Gizartea -

Koronabirusa

Covid-19ari aurre egiteko aurreko ikasturteko neurri nagusiei eutsiko diete Euskadin

Besteak beste, ondoko neurriak egongo dira indarrean: pertsonen arteko segurtasun-tartea, musukoaren erabilera eta talde "burbuila" egonkorrak.

Koronabirusari aurre egiteko neurri berak mantenduko dituzte aurten ere. Argazkia: EITB Media
Koronabirusari aurre egiteko neurri berak mantenduko dituzte aurten ere. Argazkia: EITB Media
Koronabirusari aurre egiteko neurri berak mantenduko dituzte aurten ere. Argazkia: EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak adierazi duenez, irailean ikasgeletara itzultzeko aurreikusita dagoen segurtasun-protokoloa aurreko ikasturtean indarrean egon zenaren "oso antzekoa" izango da. Horrela, indarrean egongo dira maskara, burbuila sozial egonkorrak, aireztapena eta pertsonen arteko distantzia.

Bildarratzek Hezkuntzako Konferentzia Sektorialean parte hartu du, Pilar Alegria Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroa buru zela. Bertan, Espainiako Gobernuak eta erkidegoetako arduradunek ikasturte berriari aurre egiteko moduaz hitz egin dute. Bileran neurri orokorrak adostu dituzte eta berritasun bakarra pertsonen arteko segurtasun tartean dago: 1,5 metrotik 1,2ra murriztu ahalko da, intzidentzia baxua denean.

Komunikabideei egindako adierazpenetan, sailburuak azaldu du ekainean bere sailak protokolo orokorreko proposamen bat prestatu zuela 2021/2022 ikasturterako. Proposamen horretan, covid-19aren aurkako neurriak zeintzuk izan behar ziren zehazten zen, betiere aurrez aurreko hezkuntza-jarduera bermatzeko helburuarekin.

Bildarratzek gaineratu duenez, dokumentu hori egiterakoan "zuhurtzia" izan zen nagusi, eta uste du irizpide horri eutsi behar zaiola orain ere, birusa presente dagoelako.

Protokolo horretan, aurreko ikasturtean egon ziren kontrol-neurri nagusiak jasotzen dira, hala nola maskara derrigorrezkoa izatea, Haur Hezkuntzan izan ezik; Lehen eta Bigarren Hezkuntzako bizikidetza-talde egonkorrak eta pertsonen arteko distantziak gordetzea.

Neurriok ikastetxeetara bidali aurretik, Osasun Sailarekin batera horiek  "apur bat gehiago" doitzeko lanean ari direla onartu du. Aurreikusi dutenaren arabera, aste honen amaiera partekatuko dituzte neurriok ikastetxeetako arduradunekin.

Gazteen artean txertaketa "sustatzea" zentroak seguruagoak izan daitezen lagungarri izan daitekeela onartu du sailburuak, eta, txertoak "oso zeregin berezia" izango duela zehaztu duen arren, neurriak arindu behar diren ala ez erabakiko duen elementu bakarra ez dela azpimarratu du, aldaera berriak bezalako faktore gehiago kontuan hartu behar direlako.

"Pandemiaren bilakaera da protokolo bat edo bestea zehazten lagunduko diguna", azaldu du sailburuak. Era berean, iragarri du oraingoan ere aurreko ikasturtean kontratatu zituzten errefortzuak mantenduko dituztela.

Ildo horretan, ekainean Bildarratzek aurreratu zuen bere sailak datorren ikasturtean mantenduko zituela koronabirusagatik errefortzu gisa kontratatutako 1.064 irakasleak.

Asteazken honetako bilerari dagokionez, Bildarratzek "giro oso ona" azpimarratu du, baita "konfiantza" ere, eta esan du alde guztiek azpimarratu dutela datorren ikasturtean aurrez aurreko klaseen garrantzia, ikasleentzat "justizia sozial handiagoa" bermatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Medikuntza albisteak Koronabirusa Gazteak