Gizartea -
Istiluak
Nafarroako zortzi kale-edanetan esku hartu eta covid-19arekin kutsatutako gizon bat salatu du Foruzaingoak
Hain zuzen ere, Valtierran, Beran, Erriberrin, Oibarren, Zizur Nagusian, Milagron eta Uharten egin dituzte botilioiak. Parte hartzen ari ziren pertsonak, ihesi atera ziren foruzainak ikustean, baina hainbat zehapen-proposamen egin dituzte.
Agentziak | EITB Media
Nafarroako hainbat herritan egiten ari ziren zortzi kale-edanetan esku hartu du gaur goizaldean Foruzaingoak, kale-zurrut horietan bildutako pertsonak sakabanatzeko asmoz. Horrez gain, Milagron, covid-19an positibo emandako gizon bat salatu dute foruzainek, kalean mozkortuta eta maskararik gabe zegoelako.
Hain zuzen ere, Valtierran, Beran, Erriberrin, Oibarren, Zizur Nagusian, Milagron eta Uharten egin dituzte kale-edan horiek, Foruzaingoak ohar batean azaldu duenez. Botiloi horietan parte hartzen ari ziren pertsonak, ihesi atera ziren foruzainak ikustean, baina hainbat zehapen-proposamen egin dituzte.
Uharteren kasuan, 40 bat pertsonako "makrobotiloi" batean esku hartu dute foruzainek. Parte hartzen ari ziren pertsonak ere "ziztu bizian" atera ziren ihesi, baina dozena bat parte-hartzaile salatu dituzte kale-zurruta egiteagatik, etxeratze-agindua ez betetzeagatik eta "mendia zabortegi baten moduan uzteagatik", dio oharrak.