Gizartea -

Bilboko Irria

Bilboko Udalak ekitaldiak debekatzeko erabilitako "irizpide ezberdinak" salatu dituzte Konpartsek

Azpimarratu dutenez, egitarauan jasotako ekitaldi guztiak "oso formatu txikikoak eta seguruak" ziren eta apiriletik udal teknikarien oniritzia zuten. Konpartsek azpimarratu dute Bilboko Irria ez zela jaien egitaraua, ez delako "jaietarako garaia, osasun egoera serioegia" delako.

Bilboko konpartsakideak, prentsaurrekoan. ETBko bideo batetik aterako argazkia
Bilboko konpartsakideak, prentsaurrekoan.
Bilboko Konpartsek ekitaldien egitaraua ''lapurtzea'' leporatu diote Bilboko Udalari

4:58

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udalak abuztuaren 25a eta 29a bitartean egiteko antolatutako Bilboko Irria kultur jardunaldien egitarauan jasotako ekitaldi gehienak debekatu dizkiela eta, udal ordezkari politikoek erakutsitako "agintekeria eta irizpide ezberdinak" salatu dituzte Bilboko Konpartsek. Horien arabera, antolatutako ekitaldiak "oso formatu txikikoak eta seguruak" ziren, eta apiriletik udal teknikarien oniritzia zuten.

Bilboko Areatzan eskainitako prentsaurreko batean, Uxue Elgorriaga eta Iñigo Iglesias konpartsakide eta bozeramaileek agiria irakurri dute, euskaraz eta gaztelaniaz, gertatutakoaren irakurketa egiteko. Horien ustez, Udalak ekitaldien antolatzailea nor den hartu du kontuan horiek debekatzeko, eta adibide bat jarri du: "Miribillan eta San Mamesen milaka lagun sartzea edo Bilborocken kontzertuak ematea baimendu dute, eta aire librean egitekoa zen akustikoa, berriz, debekatu egin dute".

Salatu dutenez, "eurek aitortuta, oportunitate irizpideak osasun eta irizpide teknikoen gainetik jarri dituzte, bezperan balio zuenak ez zuen balio biharamunean".

Konpartsen hitzetan, Bilboko Irria ez da "jai egitaraua, ezta ez-jai egitaraua ere, ekitaldi kulturalen egitaraua baizik". Horren harira, ekitaldi guztiek "segurtasun eta distantzia tarte guztiak errespetatzen zituzten" eta "ez ziren ekitaldi jendetsuak", azaldu dute. "Oso formatu txikikoak eta seguruak ziren, horregatik zeuden egitarauan. Aurretik udal teknikariekin adostuta, zalantza ñimiñoena izan zezaketenak kendu egin genituelako", argudiatu dute. 

"Ez da jaietarako garaia, eta konpartsetatik oso argi eduki dugu ez dugula bultzatuko inor gaixo dezakeen ekitaldirik. Osasun egoera serioegia da, eta denoi dagokigu arduraz jokatzea", erantsi dute. Horren ildoan esan dutenez, "ez gara arduragabe batzuk", alkateak horrela irudikatu nahi izan baditu ere. Juan Mari Aburto alkateak atzo esan zuenez, Konpartsek barrak jarri nahi zituzten Areatzak. Hori, baina, erabat ukatu dute gaur konpartsakideek. "Xumeagoak eta seguruak ziren terrazak" jarri nahi zituztela azpimarratu dute.

Horrela, Bilboko Irriaren egitaraua aurkezteko prentsaurrekoa behar zuena "lapurreta bat salatzeko" ekitaldi bihurtu dela salatu dute: "Bilbotarroi lapurtu digutena herritik herriarentzat segurtasunez antolatutako ekitaldi xumeak izan dira". Horren ildoan, azaldu dute joan den astean materiala ostu zietela esan zutenean berez "egitarauari urratsez urrats kendutako ekitaldiez" ari zirela.

Dena dela, debekuak debeku, baimendutako 31 ekitaldiak egingo dituztela iragarri dute. "Saiatu dira gure gogoa zapuzten, Marijaiari irribarrea lapurtzen, baina ez dute lortuko", aldarrikatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala albisteak Bilboko Aste Nagusia Bilboko albisteak Zer gertatu da Bizkaian? Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Koronabirus-agerraldiak