Gizartea -

Koronabirusa

Bi hildako, ZIUetan ospitaleratze bat eta 137ra jaitsi dira positiboak Nafarroan

Azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatuak ere beherantz egiten jarraitzen du, eta 100.000 biztanleko 408 kasukoa da.

Osasun langileak baheketa bat prestatzen. Argazkia: EFE
Osasun langileak baheketa bat prestatzen.
Osasun langileak baheketa bat prestatzen. Argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi pertsona hil dira ostegun honetan Nafarroan, eta lau pertsona ospitaleratu dituzte, bat zainketa intentsiboetako unitatean, baina positiboek behera egiten jarraitzen dute, 137 kasu atzeman baitituzte.

Jaitsiera hori nabarmenagoa da duela astebeteko datuekin alderatuta (77 gutxiago) eta are nabarmenagoa abuztuaren 6ko datuekin erkatuta (135 gutxiago).

Ostegun honetan, 1.457 proba egin dituzte, eta positibotasun tasa % 9,4koa da. Foru Erkidegoan 79.637 pertsona kutsatu dira orain arte.

Azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatuak ere beherantz egiten jarraitzen du, 100.000 biztanleko 408 kasukoa baita, Osasun Ministerioak emandako datuen arabera.

Datuak udalerriz udalerri eta osasun eremuka aztertuta, Iruñeko II. Zabalgunean hautemandako zortzi kasuak edo Arrotxapea auzoko zazpiak dira nabarmentzekoak. Horrez gain, Uharte eta Tutera udalerrietan eta Iruñeko Donibane auzoan seina zenbatu dituzte.

Gainera, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du hildako bi pertsona hil direla koronabirusaren ondorioz; dagoeneko 1.212 dira hildakoak. Ospitaleratzeei dagokienez, 97 pertsona ospitaleratu dituzte, horietatik 26 zainketa intentsiboetako unitateetan.

Txertaketari dagokionez, 3.742 dosi eman ondoren, 887.622 pertsonak dute dosi bat behintzat, eta 442.031k dute pauta osoa.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Tutera Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Altsasu Sendagaiak Txertoak Barañain Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa