Gizartea -
Aste Nagusia
Bilboko Konpartsen kultur programaren zatirik handiena debekatuko du Udalak
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak gogoratu duenez, "Bilbon aurten ez dago Aste Nagusirik, ezta ez-jairik ere", eta gizalegearen aurkako jarrerekin "zero tolerantzia" izango dutela ohartarazi du.
I. R. | EITB Media
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak uste du Bilboko Konpartsek proposatutako Bilboko Irria programa Aste Nagusiaren "alternatiba argia" dela, eta ez "jarduera multzo labur bat". Hori dela eta, egungo egoera epidemiologikoa kontuan hartuta, Udalak ez ditu onartuko pertsona pilaketak eragin ditzaketen egoera guztiak. Horrela, konpartsek proposatutako jarduera guztietatik bost bakarrik egiteko aukera emango dutela ohartarazi du.
Bilboko jaiak gertu direla eta, alkateak "gizalegez jokatzeko deia" egin die herritarrei, eta, gogoratu duenez, "aurten ez dago Aste Nagusirik, ezta ez-jairik ere". Hori dela eta, azaldu du ez dela "kasualitatea" Udalak abuztuaren 21etik 29ra ezer antolatu ez izana, eta ohartarazi du aurten "zero tolerantzia" izango dutela "gizalegearen aurkako jarrerekin".
Bestalde, Bilboko Konpartsek proposamen kultural bat egin dute abuztuaren 25etik 29rako, eta ostiral honetan, abuztuaren 20an, aurkeztuko dute, Areatzan. Udalak joan den asteartetik du zirriborroaren berri, eta, hori guztia aztertu ondoren, Aburtok hedabideen aurrean adierazi du konpartsen kolektiboak proposatutako bost jarduera baino ez dituztela baimenduko. "Jarduerak aztertu ditugu, eta ez ditugu onartuko pilaketak dakartzatenak. Ulertzea gustatuko litzaiguke; egoera ez dago txantxetarako", esan du.
Horrela, alkateak zehaztu du bost ekitaldi baino ez dituztela onartuko: "Haurrentzako ikuskizun bat Plaza Barrian; haurrentzako tailerrak Gas Plazan; rol jolasak eta irrati maratoi bat Tingladuetan; eta igel-toka eta tiragoma jokoak Arriaga Plazan".
Jende-pilaketarik ez
Aburtok "arreta, ardura eta zuhurtzia" eskatu die herritarrei, "osasun-neurriak eta distantziak errespetatu behar direlako, eta pilaketak saihestu". Zentzu horretan, "pandemia hau garaitu ahal izateko, denok jakin behar dugu egungo egoerak zer dakarren, bakoitzaren jokabidea ez baita neutroa, ondorioak ditu, eta bakoitzak egiten duenaren araberakoa izan daiteke beste pertsona baten osasuna edo bizitza, senide batena, eta hori erantzukizun handia da", gaineratu du.
Hala ere, azpimarratu duenez, "ez du balio hori esatea eta gero 500etik gorako tasa izatea". Ildo horretan, isunak jartzen eta errespetu faltak zigortzen jarraituko dutela iragarri du, "egunotan nahi ez diren egoerak gerta ez daitezen zaintzeaz gain, hiri honetako pertsonen bizitza eta osotasuna arriskuan jartzen duten gizalegearen aurkako jarrerekin tolerantziarik izan ez dezaten".
Hori horrela, azpimarratu du neurri hertsatzaileez hitz egin behar dela, eta jakinarazi du pandemian zehar 19.000tik gora zigor jarri dituztela hiriburuan, horietatik guztietatik 1.800 kale-zurrutari lotutakoak. "Lanean ari gara eta irmotasunez egiten jarraituko dugu, asko dugulako jokoan", gaineratu du.