Gizartea -
Abuztuaren 26ra arte
Nafarroan etxeratzeko agindua luzatzeko baimena eman du Justiziak
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera, "beharrezkoa" eta "neurrikoa" da, kutsatze datuak ikusita.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak aintzat hartu du Foru Gobernuaren eskaera, eta baimena eman du abuztuaren 26ra arte luza dadin 1:00etatik 6:00etara bitarteko etxeratze-agindua, kutsadura-datuak ikusita "beharrezkoa" eta "proportzionatua" dela iritzita.
Covid-19aren ondorioz muturreko arriskua duten udalerrietan aplikatuko da neurria: asteburuetan, jaiegunetan eta herriko jaiak egitea legokiokeen egunetan (bezperak barne).
Bere txostenean, Fiskaltzak ez du luzapenaren baimenaren aurka egin, "pertsonen osasun publikoa babesteko beharrezko neurriak" direla uste baitu, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez.
Autoan, Administrazioarekiko Auzien Salak berretsi egiten du gaueko mugikortasunaren murrizketak ezarri behar direla, adostutako baldintzetan.
"Neurri horrek beharrezkoa izaten jarraitzen du, kutsatze datuak ikusita, txertoa hartu duten eta hartu ez duten pertsonen osasuna babesteko", gaineratu du.
Ildo horretan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostena aipatzen du. Txosten horretan adierazten denez, "7 eguneko intzidentzia metatua 213,8 kasukoa da 100.000 biztanleko, eta joera aldatu dela adierazten du, orain pixka bat beheranzkoa, nahiz eta oraindik muturreko arrisku-mailak edo arrisku oso altuak izan".