Gizartea -
Koronabirusa
LABIk astebetez luzatu ditu EAEn indarrean dauden murrizketak
Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren hitzetan, "zuhurrena" neurriak mantentzea da hilabete hasieratik atzemandako beheranzko joera finkatzeko.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) astebetez luzatu ditu covid-19a gehiago ez hedatzeko indarrean dauden neurriak. Hala iragarri du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, LABIren batzorde teknikoak egindako bileraren ostean egindako agerraldian.
Azken 14 egunetako intzidentzia tasa metatuaren "bilakaera positiboa" nabarmendu du Osasun arloko arduradunak. Gaur-gaurkoz 100.000 biztanleko 507 kasutan dago. Pilatutako tasak 18 egun daramatza jaisten, baina "altua" izaten jarraitzen du. Horrez gain, ospitaleetako egoera kezkagarria da oraindik, eta, hala, batzorde teknikoak uste du "zuhurrena" neurriak mantentzea da, abuztu hasieratik atzemandako beheranzko joera finka dadin.
Sagarduik iragarri duenez, batzorde teknikoa gaur zortzi bilduko da, hilaren 26an.
Indarrean dauden neurriak
Horrela, ostalaritzak 01:00ean itxi beharko ditu ateak, eta lokal eta instalazio guztietarako baimendutako gehieneko edukiera % 35ean mantenduko da. Halaber, gizarte, kultura edo kirol ekitaldietako gehieneko pertsona-kopuruak honakoa izaten jarraituko du 1.600 pertsona hartzeko edukiera duten esparruetan: 400 gehienez barrualdean, eta 600, kanpoaldean.
1.600 eta 5.000 bitarteko esparruetan, aldiz, 600 gehienez barrualdean, eta 800, kanpoaldean. 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan, % 20ko edukiera izango da gehienez.
Txertoa hartzeko deia, beste behin
Osasun sailburuak gaurko agerraldia baliatu du koronabirusaren aurkako immunizazioa oraindik jaso ez duten horiei zuzentzeko, bereziki birusa igaro duten horiei. Izan ere, gaixotasuna pasatu eta bi hilabetera eman ahalko zaie txertoa herritar horiei. Horren ildoan, jakinarazi du Osakidetzak 40.000 SMS mezu bidali dituela duten aukeraren berri emateko.
Horrez gain, argitu du ZIUetan dauden 75 pertsonetatik 49 txertatu gabe zeudela. Horrek agerian uzten du, Sagarduiren esanetan, inokulazioak ondorio larriak ez izateko duen ahalmena. Era berean, pauta osoa jasota zutenen artean kutsatu direnak % 0,50 dira.
"Ez dago jairik"
Koronabirusa dela medio, Donostiako eta Bilboko jaiak bertan behera geratzearen harira, Sagardui irmo mintzatu da: "Ez dago jairik, ez Bilbon, ez Donostian, ez beste inon. Pandemian gaude. Ez-jaiak ez-jaiak dira; erantzukizun kolektibo eta indibidualez jokatu behar dugu".