Gizartea -
Koronabirusa
Positiboak egonkor mantendu dira Nafarroan, baina ospitaleetako egoera gehiago tenkatu da
104 pertsona daude Osasunbideko erietxeetako gela arruntetan (bezperan baino bat gehiago), eta 27 gaixo daude larri (aurreko egunean baino bi gehiago).
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Nafarroan bezperako datua errepikatu da ia (152), eta kasu kopuruen datuak egonkor jarraitzen du, Foru Gobernuak emandako datuen arabera. 1617 proba diagnostiko egin dituzte, eta positibotasun tasa % 9,4an kokatu da.
Asteartean hautemandako positiboak duela astebete baino 77 gutxiago dira, eta duela 14 egun zenbatutakoetatik urrun daude (303 izan ziren). Intzidentzia-tasa metatuak, beraz, beherantz egiten jarraitzen du.
Eguneko datuen eboluzio positibo hori gorabehera, ospitaleetako presioa ez da arindu. Hala, 104 pertsona daude erietxeetako gela arruntetan ingresatuta (bezperan baino bat gehiago) eta 27 gaixo larri daude ZIUetan (astelehenean baino bi gehiago).
Zorionez, ez da inor hil azken 24 orduetan. Pandemia abiatu zenetik 1.210 lagun hil dira covid-19ak joata.
Tutera da, beste egun batez, kutsatze gehien zenbatu dituena; 24, hain justu. Sarrigurenen, bestalde, 11 atzeman dituzte. Zerrendan ondoren datoz Lizarra eta Barañain, zazpina positiborekin, eta Burlata, seirekin.
Horren aurrean, intzidentzia handiena duten herriotan birusa gehiago heda ez dadin, Nafarroako Gobernuak gaueko etxeratze-agindua eskatuko du berriz.