Gizartea -
Koronabirusa
Etxeratzeko agindua beste astebetez luzatzea baimendu dute Nafarroan
Epaitegiek begi onez ikusi dute mugikortasuna murriztuta mantentzea, 01:00a eta 06:00ak bitartean, abuztuaren 19ra arte. Neurria covid-19aren eragin handia duten udalerrietan egongo da indarrean.
Agentziak | EITB Media
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aintzat hartu du Foru Gobernuaren eskaera, eta baimena eman du etxeratzeko agindua beste astebetez luzatzeko. Hala, covid-19aren eragin handia duten udalerrietan mugikortasuna murriztuta egongo da, 01:00a eta 06:00ak bitartean, abuztuaren 19ra arte.
Covid-19aren eragin handia duten Nafarroako udalerrietan ezarriko dute mugikortasun-murrizketa hori, asteburuetan eta jaiegunetan. Horrez gainera, neurriak eragina izango du herriko jaiak ospatu beharko lituzketen udalerrietan, asteko edozein egunetan, bezperak barne.
Kasu honetan, azken egoera hori bereziki aplikagarria da, Nafarroako herri askotan abuztuaren 15ean ospatzen baitira herriko jaiak, pandemiak bigarren urtez jarraian bertan behera utzi dituenak.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko iturriek jakitera eman dutenez, Ministerio Fiskalak ez du luzapena baimentzearen aurka egin, "pertsonen osasun publikoa babesteko beharrezko neurriak" direlakoan.
Autoan, Auzitegiak "beharrezkotzat" jo du gaueko mugikortasuna murriztea, adostutako baldintzetan, "kutsatzeen datuak ikusita, txertatutako eta txertorik hartu gabeko pertsonen osasuna babesteko".