Gizartea -
Koronabirusa
Datuak errepikatuta, 200 kasuko langatik behera daude kutsatzeak Nafarroan
Lizarra izan da udalerririk zigortuena, 16 kasurekin. Ondoren datoz San Adrian (10) eta Barañain eta Sarriguren (sei).
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Nafarroak 190 kutsatze atzeman ditu 1.433 proba diagnostiko egin ostean (positibotasun tasa % 13,3an dago), Foru Gobernuak emandako datuen arabera.
Bezperako datua (189) ia errepikatu da, horrenbestez. Dena dela, duela astebeteko datuekin alderatuta, 90 positibo gutxiago dira, eta duela 14 egun baino 98 gutxiago.
Kasu gehien pilatzen dituzten udalerriei dagokienez, Lizarra da denen buru, 16 positibo hauteman baitituzte bertan. San Adrianen 10 atzeman dituzte, eta Barañainen eta Sarrigurenen, seina. Iruñeko Donibane auzoan bost kutsatze zenbatu dituzte, eta Txantrea, Arrosadia eta Sarriguren Iruñeko auzoetan eta Azagra udalerrian, bosna.
Ospitaleetako egoera ez da samurtu, lau pertsona gehiago erietxeratu behar izan baitituzte azken orduetan, eta horietako bat ZIUn. Hori horrela, guztira, 108 dira gela arruntetan daudenak eta 20 gaixo kritiko daude. Zorionez, ez da inor hil igandean, eta pandemia hasi zenetik zendutakoen kopurua ez da aldatu: 1.204.
Txertaketa kanpainak aurrera jarraitzen du, eta 2.612 gertakin jarri dituzte azken 24 orduetan. Hala, 416.736 nafarrek dute immunizazio osoa.