Gizartea -
Koronabirusa
Igandetik aurrera 24 ordu lehenago egindako test negatiboa beharko da Ipar Euskal Herrira bidaiatzeko
Neurria Erresuma Batua, Espainia, Portugal, Zipre, Grezia eta Herbehereetako bidaiariei eragiten die. Orain arte, 72 ordu lehenagoko testek balio zuten, baina, lurralde horietako kutsatzeen "hazkunde handia" dela eta, muga hori jaistea erabaki dute.
Agentziak | EITB Media
Frantziako Gobernuak herrialdera sartzea edo itzultzea galaraziko die txertoa jaso ez duten bidaiariei, baldin eta koronabirusaren proba negatiborik ez badute, eta proba horren emaitzak iritsi baino 24 ordu lehenago egin ez badira.
Neurria igande gauerditik aurrera egongo da indarrean, Frantziako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako aginduaren arabera.
Hala, Erresuma Batua, Espainia, Portugal, Zipre, Grezia eta Herbehereetako bidaiariek proba negatiboa aurkeztu beharko dute, Jean Castex Frantziako lehen ministroak larunbat honetan jakitera eman duenez.
Orain arte, 72 ordu lehenagoko testek balio zuten, baina, arduradunek azaldu dutenez, lurralde horietako kutsatzeen "hazkunde handia" dela eta, muga hori jaistea erabaki dute.
Hala jakinarazi du Clément Beaune Europako Gaietarako Estatu idazkariak elkarrizketa batean. Horretan, gainera, Espainiara eta Portugalera ez bidaiatzeko gomendioa berretsi die frantziarrei.
Beaunek azpimarratu du ez dela eragozpen handirik egongo joan-etorrietan, eta neurri bera dutela Europako herrialde guztietan. Hala ere, horien arrisku-maila astero eguneratzen dutela eta aipatutako bi estatuetan "egoera" zaila dagoela gaineratu du.
Hori dela eta, "Espainiatik eta Portugaletik itzultzean txertoa jasota ez dutenentzat, egoera zaila denez, 24 ordu lehenago egindako test bat aurkeztu beharko da, eta neurria asteburu honetan jarri beharko da indarrean", gaineratu du.
Zehaztu duenez, ez dute berrogeialdirik eskatuko, Europar Batasuneko beste herrialde batetik etorritako bidaiariei berrogeialdirik eskatuko ez zaien bezala; izan ere, Europako osasun-ziurtagiria eskatzeko arau komun bat adostuta dago.