Gizartea -

Koronabirusa

Salouko agerraldiarekin lotatuko 168 positibo zenbatu dituzte Nafarroan

Ostiralean, baheketako lehen egunean, 349 proba diagnostiko egin zituen Osasun Sailak. Bertako iturrien arabera, parte hartzea altua izaten ari da.

Baheketa, Iruñeko autobus geltokian. Argazkia: EFE
Baheketa, Iruñeko autobus geltokian
Baheketa, Iruñeko autobus geltokian. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroan, dagoeneko 168 dira Salouko ikas bidaiekin lotutako positibo berriak. Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak baheketa abiatu zuen ostiralean, Tarragonako udalerritik etorritako 17 eta 25 urte bitarteko gazteen artean.

Ostiralean (uztailak 2), baheketako lehen egunean, 349 proba diagnostiko egin zituzten. Osasun zerbitzuko langileek azaldu dute herritarrek erantzuten jakin dutela, eta parte hartzea altua izaten ari dela.

Agerraldia lehenbailehen eteteko asmoz, protokolo berezia jarri du martxan Nafarroako Gobernuak. Hala, Iruñeko FOREMen eraikina (15:00etatik 20:00etara) eta autobus geltokia (21:00etatik aurrera) probak egiteko prestatu dituzte. Tuteran ere badago PCR proba egiteko aukera, Reina Sofia Ospitalean (16:00etatik 21:00etara), astelehenera arte.

Osasunbideak hainbat argibide eman ditu Salouko covid-19 agerraldiarekin kontaktuan izan diren pertsonentzat: ekainaren 15etik bertan egon den 17 eta 25 urte bitarteko gazte oro baheketa egitera deituta dago.

Alde batetik, Osasun Sailak gogorarazi du, ez dela hitzordurik behar baheketan parte hartzeko. Bestetik, jakinarazi du azken 10 egunetan PCRa egin dutenek edota azken hiru hilabeteetan antigeno testa egin dutenek ez dutela probarik egin behar.

Gainera, Osasunbideak azpimarratu du baheketan parte hartu duten gazteek etxean isolatuta egon behar dutela, positiboak diren jakin arte bederen.

Sintomak dituen edonork egin dezake proba Iruñean

Nafarroako Gobernuak sintomak dituen edonork proba egiteko aukera izatea bermatu nahi du. Horregatik, koronabirusaren gaitzari lotutako sintomak dituen oro San Martingo (24 orduz zabalik) eta Buztintxuriko (8:00etatik 22:00etara) zentroetara joan daiteke, aurretik hitzordua eskatu gabe.

Positiboen gorakada Nafarroan

Nafarroako Foru Erkidegoan gorakada izugarria izan dute covid-19 kasuek azken orduetan. Ostegunean 113 kasu berri atzeman zituzten, ostiralean 152 eta gaur 355, Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Positibo asko eta asko Saloutik itzulitako gazteen artean diagnostikatu dira.

Iazko azaro hasierataik ez zen horrelako positibo kopururik atzematen Nafarroan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Herriak eta Hiriak Nafarroa Tutera Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Gazteak Galdakao-Usansolo Ospitalea Osasunbidea