Gizartea -
EUSKARA
'Batuz aldatu', hizkuntza politiketan eragiteko adostasun soziala aurkeztu dute
"Euskararen erabilera erosorako baldintzak" lortzea da Kontseiluak eta ia 100 eragilek gaur Donostian aukeztu duten ekimen berriaren helburua.
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
Batuz aldatu, hizkuntza politiketan eragiteko adostasun soziala aurkeztu du Euskalgintzaren Kontseiluak larunbat honetan Donostiako Kursaalen. Hizkuntza politiketan eragiteko ziklo berri bati hasiera eman nahi dion dokumentua sinatu dute eremu askotariko ia ehun eragilek eta ekimen honen nondik norakoak eman dituzte gaur argitara.
Hurrengo bi hamarkadatan jauzi berriak emateko aukera dagoela konbentzituta dago Kontseilua eta adostasun sozialean oinarrituta, hainbat proposamen jaso dituzte bide horretan aurrera egiteko: "Datuek erakusten dute indarrean dauden hizkuntza-politikek bide bat egin dutela, baina jauzi berriak egiteko hizkuntza-politikak eguneratu eta berritu behar direla, adostutako helburuen lorpenerako eraginkor eginez".
Ekitaldiaren hasieran, ELKAR taldeko Joanmari Larrartek eta Euskal Monetako Eva Mutiok aurkeztu dituzte eragile guztiek partekatzen duten hausnarketaren printzipioak: Hizkuntza-eskubideak errespetatzea eta bermatzea bereizkeriari aurre egiteko eta elkarbizitzan sakontzeko, hizkuntza politika zeharkako politika publiko gisa garatzea eta orekatua izatea, normalizazio-prozesua soziala eta politikoa izatea, progresiboa izatea, eta prozesu adostu gisa bideratzea, Euskal Herriko hizkuntza aniztasuna aintzat hartuta.
Printzipio hauetatik abiatuta, "euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea" da ekimen honen helburu nagusia eta horretarako, hizkuntza eskubideak eremu guztietan bermatu beharko direla aldarrikatu dute, "hala nahi duen edonork ez dezan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik izan. Erabilera erosorako baldintzei buruz ari garenean, zera esan nahi da: herritarrak ahalegin berezirik egin beharrik gabe, euskara eroso erabiltzeko baldintzak izango dituela, euskaraz hitz egiteagatik deseroso edo baztertua sentitu gabe".
"Euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Eskubide den heinean esparruz esparru berau gauzatzeko erabakiak eta baliabideak eskatu behar ditugu. Gaur-gaurkoz, oraindik, ez dira baldintza egoki horiek betetzen, eta, beraz, horiek sortzea izango dugu helburu" adierazi dute.
Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak defendatu du, bi mailatako baldintzak, indibidualak eta kolektiboak, hartu behar direla "ezagutzaren unibertsalizazioa" lortzeko eta "euskara eroso erabiltzeko eramuak sortu, garatu eta elkarlotzeko".
Ia ehun sinatzaileen artean daude, besteak beste, Administrazioan Euskaraz taldea, AEK, Nafarroako eta Errioxako IKA, Agirre lehendakari Center, Artez Ahtletic Club Fundazioa, Real Sociedad Fundazioa, Bilgune Feminista, Bizkaiko abokatuen elkargoa, Euskal Herriko arkitektoen elkargo ofiziala, Euskal Herriko pediatren elkartea, Elhuyar, Eusko Ikaskuntza, EHNE, ELA, ESK, HIRU, LAB, STEILAS, Euskal Herriko Laborantza Ganbara, EGI, ERNAI, Gazte Abertzaleak, Mondragon Korporazioa etab.
Dokumentua adostu duten eragileez gain, instituzioetako ordezkariak ere izan dira gaurko ekitaldian. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuorde Miren Dobaran, Gipuzkoako Foru Aldundiko Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Xabier Ezeizabarrena, Euskarabideko zuzendari Mikel Arregi, Donostiako Udaleko Euskara Zinegotzi Jon Insausti, bai eta UEMAko zein Udalbiltzako ordezkariak ere.
Halaber, EAJ-PNV, EH Bildu, Geroa Sozialberdeak, Elkarrekin-Podemos eta EH Baiko ordezkariak ere izan dira Kursaaleko ekitaldian.