Gizartea -

TXERTAKETA

Honela egingo da AstraZenecaren lehen dosia jaso zuten 60 urtez azpikoen txertaketa

Osakidetzak Pfizer etxearen txertoa eskainiko die guztiei. Bigarrena ere AstraZeneca izatea nahi dutenek inprimaki bat bete beharko dute Osakidetzaren webgunean eta itxaron zerrendara pasatuko dira.

60 urtetik beherako langile bat AstraZenecaren txertoa hartzen, Donostian. Artxiboko argazkia: EFE
60 urtetik beherako langile bat AstraZenecaren txertoa hartzen, Donostian
AstraZeneca nahi duten 60 urtetik beherakoak itxaron zerrendan jarriko dituzte

1:41

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak AstraZenecaren lehen dosia jaso zuten 60 urtez azpikoen txertaketari buruzko xehetasunak eman ditu. Azaldu duenez, Osakidetza dagoeneko hasi da pertsona horiei deitzen bigarren txertoa jartzeko; kasu honetan, Pfizerrena.

Osakidetza atzo hasi zen herritar horiei deitzen, eta Osasun Publikorako Batzordeak ezarri du Pfizerren serumarekin amaitu behar dutela txertoa, eta, aukera horri uko eginez gero, baimen informatua sinatu beharko dute prestakin britainiarrarekin txertatu ahal izateko.

Sagarduiren hitzetan, pertsona horiei guztiei Pfizerren txertoa eskainiko diete. Aukera hori onartzen dutenek 12 asteko epean jasoko dute bigarren txertoa, lehen ziztadatik zenbatzen hasita.

Pfizer baztertu eta AstraZenecarekin errepikatzearen alde egiten duten pertsonek baimen baten bidez jakinarazi beharko dute, Osakidetzaren webgunean eta euskadi.eus atarian covid-19ari eskainitako atalean eskuragarri dagoen formulario bat beteta.

Kasu horretan, itxaron zerrenda batera igaroko dira, eta berriro deituko diete txertoa eskuragarri dagoenean. Osasun Sailak ez du bermatzen Immunizazioa 12 astetan osatzea, baina sailburuak gogorarazi du Osasun Publikorako Batzordeak beste lau astez luzatzeko aukera onartu zuela.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza EAE Gaixotasunak bideoak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Albisteak Osasun albisteak gaur Medikuen albisteak Erizaintza Sendagaiak albisteak Txertoak Koronabirusaren olatua gaur Osasun zentroak gaur