Gizartea -
Koronabirusa
12 eta 17 urte bitartekoak txertatzeko baimena eskatuko dio Modernak EBri
Stéphane Bancel farmazia enpresaren kontseilariak azaldu du nerabeek 2021eko abuztua baino lehenago hartu beharko luketela txertoa.
EITB Media | Agentziak
Moderna laborategi estatubatuarrak onarpen eskakizuna egingo dio Sendagaien Europako Agentziari, bere txertoa 12 eta 17 urteko nerabeen artean eman ahal izateko.
Stéphane Bancel enpresaren kontseilariak iragarri du Le Journal du Dimanche aldizkariak egindako elkarrizketa batean. Bertan, Bancelek adierazi du adin tarte honi txertoa lehenbailehen ematea beharrezkoa dela, pandemiaren balizko olatu berri baten aurretik talde immunitatea indartzeko.
Modernaren ordezkariaren arabera, "aproposena" litzateke nerabeak "abuztua amaiera baino lehenago" txertatzea. "Txertaketa masiborik egin ezean, ezinezkoa da laugarren olatuaren arriskua erabat baztertzea", gaineratu du.
Beste alde batetik, Bancelek aurreratu du txertatutako pertsonei hirugarren dosia ematea komeni dela, eta honela planteatuko lukete plana: "uda amaieratik aurrera" urte hasieran txertatutako arrisku taldeei emango liokete hirugarren dosia. erresidentzietan bizi direnetatik hasita.
Hala, gogorarazi du "bi edo hiru hilabeteko atzerapenak ospitalizazio eta heriotza asko eragingo lituzkeela". Gainera, "helduek zein gazteek" hirugarren dosi bat hartzearen aldeko agertu da, "txertatu gabe dauden pertsonak babesteko".
Modernaren sendagaiak urtebete eta hiru urte bitarteko immunitatea ematen duela uste den arren, "aldaera berriek mehatxua handitzen" dutela esan du Bancelek.
Moderna, zifretan
Farmazia enpresa estatubatuarrak aurreratu du urtean 3.000 milioi dosi ekoiztu ditzakeela. Datuok kontuan hartuta eta Pfizer-BioNTechen 4.000 milioiekin batera, Lurreko biztanle guztiei lehen dosia emateko adina txerto leudeke —sendagaiaren mundu mailako banaketa bidezkoa izatekotan—.
Orain arte 90 milioi pertsonak hartu ditu Modernaren lehen bi dosiak munduan.
Modernaren kontseilariak Europar Batasuna kritikatu du, pandemiaren lehen hilabeteetan laborategiekin erakutsi duen "aurreratzeko gaitasun eza" tarteko.