Gizartea -
Txertoak
AstraZenecaren bigarren dosiari buruzko erabakia beste astebetez atzeratu dute
Osasun Publikoaren Batzordeak datorren astean erabakiko du lehendabiziko dosia hartu zuten 60 urtetik beherakoei bigarrena eman ala ez.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak jakinarazi duenez, Osasun Publikoaren Batzordeak datorren astean erabakiko du AstraZenecaren txertoaren lehen dosia hartu zuten 60 urtetik beherako pertsonei bigarrena emango zaien ala ez.
Lurraldeen arteko osasun kontseiluaren ondotik egin du agerraldian, Dariasek azaldu du erabaki hori txerto ezberdinak konbinatzeko orain arte egin diren entsegu klinikoen emaitzen arabera hartuko dutela. Ikerketa hori, besteak beste, Gurutzetako ospitalean egiten ari dira eta lehendabiziko emaitzak maiatza erdialdean ezagutuko direla espero da.
Madrilgo eta Andaluziako erkidegoek kritikatu egin dute erabakia beste behin atzeratu izana eta azpimarratu dute ezinbestekoa dela lehenbailehen jakitea bigarren dosiarekin zer egin behar den, bestela lehenengo dosiaren eragina galtzeko arriskua egongo delako.
Norvegia bezalako herrialdeetan AstraZenecarekin egiten ari ziren kanpaina bertan behera uztea erabaki dutela eta, Dariasek esan du "herrialde bakoitzean testuingurua ezberdina" dela eta "erabakiak beharrizanen arabera" hartu behar direla.
Hala ere, berretsi egin du baimendutako txerto guztiak direla seguruak.
Osakidetzak AstraZenecaren dosiak gordeko ditu
Testuinguru honetan eta dena argitu arte, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak azkeneko bidalketan jaso zituen AstraZenecaren 17.000 dosia gordetzea erabaki du.
Orain arte, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.064.461 dosi jarri dira: Pfizerrenak 705.370; AstraZenecarenak 263.673; Modernarenak 82.671; eta Janssenenak 12.747.
Euskal Autonomia Erkidegoan 318.466 lagun dauden immunizatuta, herritarren % 14,4.