Gizartea -

Koronabirusa

Pfizer eta AstraZeneca txertoak konbinatzeko ikerketa abian da Gurutzetako Ospitalean

AstraZenecaren lehen dosia hartu duten pertsonei beste txerto bat jartzea segurua den ala ez argitu nahi dute entsegu klinikoarekin.

Gurutzetako Ospitalea. Argazkia: Aitor Agirrezabal
Gurutzetako Ospitalea.
Pfizer txertoa emango diete lehen txertaketan AstraZeneca hartu zuten 120 boluntariori

1:34

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gurutzetako Ospitalean abian jarri dute AstraZenecaren lehen dosia hartu duten pertsonei Pfizerren edo Modernaren txertoak -RNA mezularia oinarri dutenak- jartzea segurua eta eraginkorra den argitzeko ikerketa. Entsegu klinikoan 120 boluntariok hartuko dute parte.

Sendagaien Europako Agentziak AstraZenecaren txertoaren bigarren dosia ematea beharrezkoa dela berretsi badu ere, agintariek 60 urtetik beherakoei ez ematea erabaki dute, zenbait tronbosi kasu izan direlako.

Bitartean, Espainiako Carlos III Osasun Institutuaren zuzendaritzapean, txertoak konbinatzea segurua ote den argitzeko ikerketa bat abiatu dute. Entsegu klinikoak Estatuko bost erietxeetan egingo dituzte: Gurutzetan, Madrilgo La Paz eta San Carlos ospitaleetan eta Bartzelonako Vall d’Hebron eta Clinic erietxeetan.  

Guztira, 600 boluntariok hartuko dute parte, ospitale bakoitzeko 120k. Entseguetan parte hartzeko baldintzak hiru dira: 60 urtetik beherakoa izatea, AstraZenecaren lehen dosia hartuta izatea eta lehen txertaketa gutxienez duela zortzi aste hartu izana.

Boluntarioak bi taldetan banatuko dituzte: 400i Pfizerren dosia jarriko diete eta gainerakoek ez dute inolako txertorik jasoko. Entseguaren eraginkortasuna pazienteek bigarren dosia hartu ostean sortuko dituzten antigorputz kopuruaren arabera neurtuko dute. Ikerketaren emaitzak maiatza bukaerarako jakinaraziko dituztela espero da.

Alemanian eta Erresuma Batuan ere antzeko ikerketak hasi dituzte txertoak konbinatzeko aukera aztertzeko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Barakaldo Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Gurutzetako ospitalea Sendagaiak Txertoak Koronabirusa