Gizartea -

KORONABIRUSA

Apirileko bigarren hamabostaldia, txertaketaren azkartzea ekar dezakeen aroa

80tik gorakoen lehen dosiekin amaituta, asteburu honetan ekin zaio 70 eta 79 urte artean dituztenak txertatzeari. Asteartean, Janssenen lehen dosiak iristean, abiadura har dezake prozesuak.

Begoña del Olmo izan zen Bizkaian txertoa jasotzen lehena, 2020ko abenduaren 27an. Argazkia: EFE
Begoña del Olmo izan zen Bizkaian txertoa jasotzen lehena, 2020ko abenduaren 27an.
70-79 urte bitarteko milaka herritarrek hartu dute Pfizerreko lehen dosia asteburuan

1:23

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dena ondo badoa, ez bada hornidura arazorik izaten eta aurreikuspenak betetzen badira, adinekoen eta kolektibo zaurgarrienen txertaketa bizkortuko da, azkenean, apirileko bigarren hamabostalditik aurrera. Pfizer, Moderna eta AstraZenecaren ohiko bidalketei Janssenen txertoa gehituko zaie aste honetan. Haren abantaila nagusia dosi bakarrekoa izatea da, eta, beraz, ziztada bat baino ez da behar izango hartzailea immunizatzeko. Gauzak horrela, txertaketa bizkortu beharko litzateke hemendik aurrera, abuztuaren amaierarako herritarren % 70 immunizatuta edukitzeko helburua lortzeko.

Covid-19aren aurkako lehen lerroko osasun langileak, adineko egoitzeko erabiltzaileak eta langileak, 100 urtetik gorako herritarrak, 90 urtetik gorakoak eta 80 urtetik gorakoak babestu ondoren, orain, estrategiaren ardatza 60 eta 69 urte bitarteko adin-taldean, 70 eta 79 urte bitartekoan, bigarren lerroko osasun-langileen, oinarrizko zerbitzuetako profesionalen eta txertaketa-estrategian aurreikusitako 7. taldea osatzen duten "arrisku oso handiko" pertsonen prozesua azkartzea da. Martxan dago lehen horiena jada eta bihar hasiko dira azken horiek txertatzen.

Asteburu osoan egon dira martxan ohiko txertaketa-guneak, bai eta "txertodromo" deiturikoak ere, eta 1942 eta 1943 bitartean jaiotakoekin ekin zaio 70-79 taldea inmunizatzeari. Pfizerren, Modernaren edo Janssenen formularekin txertatuko dituzte herritar horiek, eta dialisian dauden pazienteei zein transplantatutako pertsonei ere berehala emango zaie lehen txertoa.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila eta Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentua ere pertsona horiekin harremanetan jartzen ari dira, datozen egunetarako hitzordua emateko, txertoen disponibilitatearen arabera.

60 eta 65 urte bitarteko taldea, berriz, AstraZenecaren txertoa jasotzen ari da (Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilaria izan zen atzo txertoa hartu zuenetako bat), eta behin tarte hori amaituta, 66 eta 69 urte artekoei deituko diete prozesuarekin jarraitzeko.

Zenbat dosi iritsiko dira?

Zenbat dosi iritsiko dira? Horixe da une honetan gakoa. 2020ko abenduaren 27an, txertaketa modu sinboliko samarrean hasi zenetik, ia 12 milioi dosi iritsi dira Espainiako Estatura, gehienak Pfizer-BionTechenak (ia % 70) eta 3 milioi pertsona pasatxok dute pauta osoa jarrita (bi dosiak). Txertoen bidalketak astez aste aldaketa batzuk izan dituen arren, azkenekoan milioi bat dosi baino gehiago iritsi ziren.

488.830 dosi jarri dira jada Euskal Autonomia Erkidegoan eta 131.406 pertsonak dute pauta osoa jarrita (apirilaren 9ko datuak). Nafarroan, bestalde, 154.289 txerto jarri dituzte eta 47.982 pertsonak daude bi dosiak hartuta (apirilaren 11ko datuak). Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko buruak bere garaian egindako kalkuluen arabera,  4 milioi dosi beharko lirateke Euskal Herrian talde immunitatera iristeko.

Aurreikuspenen arabera, apirilean Pfizerren beste 4,8 milioi dosi iritsiko dira Espainiara (1,2 milioi astean), eta ekainerako, hau da, urteko bigarren hiruhilekoaren amaierarako, 20 milioi izan beharko lirateke.

Janssenen 300.000 dosi espero dituzte apirilean, 1,3 milioi maiatzean eta 3,9 ekainean.

AstraZenecak, berriz, 7 milioi dosi izango bidaliko ditu apiriletik ekainera bitartean, eta Modernak 3,5 milioi, denbora tarte berean.

Guztira, Europako Batzordeak egindako iragarpenaren arabera, Espainiak 36 milioi dosi jasoko ditu urteko bigarren hiruhilekoan.

Aditu guztien arabera, covid-19aren intzidentzia nabarmen murriztuko da arrisku-taldeak txertatuta daudenean. Izan ere, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko biologia konputazionaleko ikerketa-talde batek egindako kalkuluen arabera, apirilaren 9ra arte jarritako txertoek % 60 murriztuko dituzte covidak eragindako heriotzak, farmako horiek egongo ez liratekeen agertokiarekin alderatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Sendagaiak Txertoak Koronabirusa