Gizartea -
Koronabirusa
AstraZenecaren txertoa 60 eta 69 urte arteko pertsonei jarriko zaie
Bestalde, Osasun Publikoaren Batzordeak ez du argitu dagoeneko AstraZenecaren lehen dosia jaso duten pertsonei bigarrena emango dieten ala ez.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
AstraZenecaren txertoa 60 eta 69 urteko pertsonei ematea erabaki dute Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek. Lehendabizi, 60 eta 65 urte arteko pertsonen txertaketa kanpaina amaituko dute, eta ondoren hasiko dira 66tik 69ra bitartekoei txertoa jartzen.
Ildo berean, Osasun Publikoaren Batzordeak bertan behera utzi du enpresa-farmazeutiko horren txertoa jaso behar zuten 60 urtetik beherako pertsonei zuzendutako kanpaina.
Bestalde, jada lehendabiziko dosia hartu duten herritarren kasuan zer egingo duten ez dute argitu. Bigarren dosia eman ala ez, hor dago eztabaida. Proba zientifikoetan eta Sendagaien Europako Agentziak egindako azterketetan oinarrituta, erabakia "laster" jakinaraziko dutela esan dute, egunik zehaztu gabe.
AstraZenecarekin txertaketa prozesua otsailean hasi zen. Funtsezko kolektiboetako langileei –irakasleak, poliziak edota suhiltzaileak- eta, oro har, herritarrei jarri zieten. Hasiera batean, 55 urtetik beherakoei soilik, baina ondoren muga hori 65 urtea zabaltzea erabaki zuten.
Sendagaien Europako Agentziak txerto horri lotutako tronbosi kasuei buruz emandako ebazpenaren ostean, Osasun Ministerioak eta erkidegoek 60 urtetik beherakoei zuzendutako kanpaina etetea erabaki zuen, eta gaur AstraZenecaren txertoa 60 eta 69 urte bitarteko pertsonei jarriko dietela zehaztu dute.
Adin tarte horretako lagunei une honetan eskuragarri dauden edozein txerto jarri ahalko zaie, eta laster, baita Janssenena ere, lehendabiziko dosiak hilabete honetan iritsiko direla espero baita.