Gizartea -
KORONABIRUSA
AstraZeneca 65 urtetik gorakoei ere jartzea aztertuko du Osasun Publikoko Batzordeak
Gaur-gaurkoz, 60 eta 65 urte artekoei ematea erabaki dute Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak bilera du gaur, AstraZeneca txertoaren inguruko hainbat kontu mahai gainean dituela. Atzo, AstraZeneca 60 eta 65 urte artekoei soilik jartzea erabaki zuten Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluan.
Esaterako, 65 urtetik gorakoei AstraZenecaren txertoa eman ala ez izango dute aztergai. Horrez gain, dagoeneko AstraZenecaren lehen dosia jaso duten 60 urtetik beherakoekin zer egin ere aztertuko dute.
Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak bi aukera aipatu zituen atzo: batetik, AstraZenecaren bigarren dosia ez ematea; bestetik; beste botika-etxe baten txerto bat ematea, Pfizer, Moderna edo Janssen konpainiena, kasu.
Osasun Publikoko Batzordeak Lurraldearteko Kontseiluan egiten ditu bere proposamenak, Osasun Ministerioak eta erkidegoek erabakiak har ditzaten.
Orain arte, 65 urtetik gorako pertsonak Pfizer-BioNTech eta Moderna etxeen txertoarekin immunizatzen ari dira, Johnsson & Johnsson konpainiaren Janssenen txertoa noiz iritsi zain. Azken hori dosi bakarrekoa da.