Gizartea -

KORONABIRUSA

Espainiak 60 eta 65 urte bitartekoentzat utzi du AstraZenecaren txertoa

Euskadi, Ceutarekin batera, abstenitu egin da bozketan, gainerako autonomia erkidegoak proposamenaren alde agertu dira, Madril izan ezik.

AstraZeneca txertoa. Argazkia: EFE
AstraZeneca txertoaren dosi bat
AstraZeneca txertoa. Argazkia: EFE

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun Ministerioak eta erkidegoek asteazken honetan, Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Kontseiluaren osoko bilkuran, "badaezpada" 60 urtetik beherakoen artean AstraZenecaren txertaketa gelditzea eta 60 eta 65 urte bitartekoen artean ematen jarraitzea erabaki dute.

Gainera, Osasun Publikoaren Batzordearen esku utzi dute inokulazioa 65 urtetik 70 urtera luzatzeko erabakia.

Autonomia erkidego guztiak proposamenaren alde agertu dira, Madril izan ezik; izan ere, kontrako botoa eman du, adin tartea 65etik gora zabaltzearen aldekoa zelako, eta Euskadi eta Ceuta abstenitu egin dira.

Horren harira, Maria Jesus Lamas Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziako zuzendariak prentsaurrekoan jakinarazi duenez, Espainian "oso gutxitan" agertu diren 12 tronbo kasu jakinarazi dituzte, inokulatutako 2,1 milioi pertsonetan.

"Txertoek gaixotasunak prebenitzeko balio dute, eta onartutako eta covidaren aurrean erabiltzen ari diren guztiak eraginkorrak eta seguruak dira, eta modu erabakigarrian laguntzen ari dira covid-19aren inpaktua murrizten. Nahiz eta kontrako gertaerak agertu, ez da txertoekiko konfiantza gutxitu behar", adierazi du Llamasek.

Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluaren bilera Europar Batasuneko Osasun ministroen arteko bilera baten ostean izan da, eta bilera horretan Osasun Publikoaren Batzordeak txerto horrekin 65 urtetik gorakoen txertaketa aztertzea ere adostu dute.

Hain zuzen ere, bilera horretan, Carolina Darias Osasun ministroak zehaztu duenez, AstraZenecaren txertoaren lehen dosia jaso duten 60 urtetik beherako pertsonekin zer egin aztertu dute, baina ez dute horri buruzko ondoriorik atera.

"Erresuma Batuan aztertzen ari diren moduan, bigarren dosia beste txerto batekin emateko aukera ote dagoen ikusteko dago; edo dosi bat uztea, fitxa teknikoak erakusten baitu % 70eko eraginkortasuna duela. Hala ere, Europan erabakitzen denaren zain egongo gara", argudiatu du ministroak.

Azkenik, Dariasek aurreratu du aste honen amaieran Modernaren txertoaren 328.000 dosi inguru jasoko dituztela; hori dela eta, txertoaren prozesua "erritmoa hartzen ari dela" eta koronabirusaren aurrean "itxaropena dutela" gaineratu du.

Izan ere, neurri hori Sendagaien Europako Agentziaren segurtasun-batzordeak txerto horren eta plaketa-maila baxuko odol-koaguloen artean "balizko harremana" dagoela ondorioztatu ondoren hartu dute.

Gainera, Europako agentziaren arabera, kontrako gertaera horiek txertoaren albo-ondorio "oso arraroen" zerrendan agertu behar dute, eta "txertoaren onurek arriskuak gainditzen dituzte".

Italiak ere 60 urtetik gorakoei emango die AstraZenecako txertoa, segurtasunagatik; eta, Belgikak, datozen lau asteetan, 55 urtetik gorakoei bakarrik emango diela iragarri du.

Bestalde, Rick Suarez AstraZeneca Españako presidenteak adierazi du konpainiak errespetua diola Osasun Ministerioak eta erkidegoek asteazken honetan Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluan hartutako erabakiari.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Europa Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Txertoak Koronabirusa Adinekoak gaurko berriak