Gizartea -

Koronabirusa

Jaurlaritzak, Athleticek eta Realak osasun neurriak errespatzeko deia egin dute

Ostegun honetan Lezaman ikusitako irudiak saihestea eskatu dute. Bertan, hainbat zale elkartu dira, segurtasun neurriak urratuta, talde zurigorria agurtzeko.

Argazkia: EITB Media
Argazkia: EITB Media
Ehunka zale bildu dira Lezaman Athletic agurtzeko

1:49

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak, Athletic Clubek eta Realak erantzukizunez jokatzeko eta osasun neurriak errespetatzeko deia egin diete zaleei, ostegun honetan Lezaman gertatutakoa errepika ez dadin. Bertan, hainbat zale elkartu dira, oinarrizko segurtasun neurriak urratuta, talde zurigorria agurtzeko.

Horren ildotik, Josu Erkoreka Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak deitoratu egin du milaka zalek Athletici Lezaman egindako agurra, "osasun neurriak ez errespetatzeagatik". Pandemiaren egoera oraindik ere "larria" dela gogorarazi du.

Ostegun honetan, milaka zale bertaratu dira Lezamara, Athletic agurtzeko, talde zuri-gorria Sevillara abiatu baino lehen. Larunbatean, Errege Kopako Finala jokatuko du bertan talde zurigorriak, Realaren aurka.

"Kezkatu egiten naute gaur Lezaman ikusi diren milaka lagunen irudiek, osasun neurriak errespetatu gabe eta eman diren zuhurtasun mezu guztiei kasurik egin gabe", adierazi du Erkorekak sare sozialetan.

Testuinguru horretan, lehendakariordeak gogorarazi du "pertsona asko hil" direla koronabirusaren ondorioz, eta "beste milaka" horren ondorioak "pairatzen" ari direla oraindik. "Badakigu gogorra dela eta nekatuta gaudela, baina inoiz baino beharrezkoagoa da azken ahalegin bat egitea", gaineratu du.

Larunbateko finalaren aurrean, ospakizunak "erantzukizun indibidual eta sozialarekin" egiteko deia egin du Erkorekak.

Athleticek eskertu egin ditu babesak, baina babes neurriak errespetatzea eskatu die zaleei, Twitterren publikatutako mezu batean:

Realak ere erantzukizuna eskatu die zuriurdin guztiei:

Bestalde, Juan Maria Aburto Bilboko alkateak adierazi duenez, "guztiok nahi dugu gure taldeak irabaztea" Errege Kopako finalean, eta "gozatzeko" eta "ospatzeko" deia egin du, baina "etxean" eta "besteak errespetatuz".

Sare sozialetan zabaldutako hainbat mezutan, Bilboko alkateak honako hau adierazi du: "Denok nahi dugu gure taldeak irabaztea. Eta handiki ospatzea gustatuko litzaiguke. Une batean, jasaten ari garen pandemia hau pasatzen denean, egin ahal izango dugu. Seguru".

Aburtok esan du "Athleticzale gisa, jarraitzaile eredugarriak gara", eta "pertsona gisa" ere izateko deia egin du.

"Lehenengo, koronabirusaren aurkako partida hau irabaz dezagun. Eta, ondoren, irabaz ditzagun Kopak Athleticekin", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Athletic Futbola Reala Errege Kopa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa