Gizartea -

kirol txartela

Bilbok Mugiment kirol txartelarekin bat egingo du apirilaren 6tik aurrera

Harpidedunek aukera izango dute programari atxikita dauden beste 46 herrietako kirol-instalazioak erabiltzeko.

Juan Mari Aburto eta Bingen Zupiria, Mugiment Kirol Txartela aurkezten. Argazkia: Bilbao Kirolak
Juan Mari Aburto eta Bingen Zupiria, Mugiment Kirol Txartela aurkezten. Argazkia: Bilbao Kirolak
Juan Mari Aburto eta Bingen Zupiria, Mugiment Kirol Txartela aurkezten. Argazkia: Bilbao Kirolak

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbok Eusko Jaurlaritzaren Mugiment Kirol Txartelaren proiektuarekin bat egingo du datorren apirilaren 6 tik aurrera. Egun Bilbao Kirolak-en harpidetuta daudenek, 64.000 pertsona baino gehiagok, programari atxikita dauden EAEko beste 46 udalerrietako kirol-instalazioak erabili ahal izango dituzte.

Ekimenaren xedea kirola sustatzea da, herritarrei hainbat kirol-gunetarako sarbidea erraztearekin eta ikastaro eta modalitateen eskaintza handitzearekin batera.

Bilbok Mugiment Txartelarekin bat eginda 47 izango dira guztira Euskal Autonomia Erkidegoan egitasmoarekin bat egiten duten udalerriak. Bizkaian 31 udalerri batu zaizkio, dagoeneko, proiektuari: Amorebieta-Etxano, Santurtzi, Portugalete, Ortuella, Trapagaran, Zierbena, Abanto, Sestao, Barakaldo, Muskiz, Ugao, Bakio, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Bermeo, Erandio, Gernika-Lumo, Lemoa, Sopela, Durango, Berriz, Elorrio, Sondika, Zamudio, Lekeitio, Mungia, Markina-Xemein, Mundaka, Ermua eta Bilbo.

Bestalde, Gipuzkoan 14 dira proiektuari atxikitako udalerriak: Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza, Oñati, Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mutriku, Mendaro, Deba, Zumaia, Zestoa eta Getaria. Araban, berriz, bi: Amurrio eta Laudio.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu duenez, Gobernu autonomikoaren asmoa kirol-instalazioak dituzten udalerri guztiek egitasmoarekin bat egitea da. Ildo beretik, "udal guztiekin" hitz egiten ari direla adierazi du, eta gogora ekarri du duela urte eta erdi hasitako prozesua dela, baina "aurrerapausoak ematen ari dena". Gainera, sare honetara Bilbo batzea "oso garrantzitsua" izango dela azaldu du, eta "astindua" emango diola proiektuari.

Txartel birtuala

Mugiment Kirol Txartelaren onurez gozatu ahal izateko baldintza bakarra Bilbao Kirolak-era edo ekimenari atxikitako herrietako kirol-zerbitzuetara harpidetuta egotea da. Doako txartel birtuala da, aplikazio baten bitartez dabilena. Erabiltzaileek mugikorrean erakutsi beharko dute txartel digitala, NANarekin batera, programa horretara atxikitako udalerri horietako kirol-instalazio batera sartu nahi duten bakoitzean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kirolak Bilboko albisteak Zer gertatu da gaur Bizkaian? EAE albisteak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Kiroldegiak