Gizartea -
KORONABIRUSA
Zortzi pertsona kutsatu dira Bilboko epaitegietako koronabirus agerraldian
Hala ere, gaixotutako langileak ordezkatu egin dituzte eta ez da epaitegietako ohiko jarduna eten.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Covid-19 agerraldia atzeman dute Bilboko epaitegietan eta gutxienez zortzi pertsona kutsatu dira. Hala ere, gaixotutako langileak ordezkatu egin dituzte eta ohiko jarduerarekin jarraitu ahal izan dute.
Iragan astean Bilboko 10. Instrukzio Epaitegian atzemandako agerraldia, 8. eta 9. epaitegietara zabaldu da. Lehendabizikoan sei positibo zenbatu zituzten funtzionarioen artean eta bana, ostera, zortzigarrenean eta bederatzigarrenean.
Aner Uriarte Bilboko epaile dekanoak azaldu duenez, agerraldi horrek ez die magistratuei eta fiskalei eragin.
Agerraldiaren berri izan ondoren, baheketa egin dute Bilboko 10. Instrukzio Epaitegiko funtzionarioen artean. Halaber, Justiziako arduradunek PCR probak egitea eskatu dute 7., 8., 9. eta 10. epaitegiak hartzen dituen Buenos Aires kaleko epaitegietako hirugarren solairuko langileen artean.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak protokoloa martxan jarri ostean, instalazioak desinfektatu zituzten. Osakidetzak baheketa egingo du hirugarren solairuan lan egiten dutenen artean, oraingoz ez baitute beste solairuetako funtzionarioen artean kutsatzerik baieztatu.