Gizartea -
KORONABIRUSA
Santa Marinan kutsatutako hiru osasun langileetako bik txertoa jaso zuten
Azken balantzearen arabera, guztira 23 pertsona kutsatu dira: 3 osasun langile, 14 gaixo eta 6 laguntzaile.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Bilboko Santa Marina ospitalean atzemandako koronabirus agerraldiari lotuta, bi positibo berri hauteman dituzte osasun langileen artean. Azken balantzearen arabera, gaur-gaurkoz 23 pertsona kutsatu dira.
Begoña Perez Osakidetzako zuzendari nagusiak eguneratu ditu Santa Marinako datuak gaur goizean Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Orain arte, 3 osasun profesional, 14 gaixo eta 6 laguntzaile gaixotu dira. Duela 12 egun atzeman zuten lehendabiziko positiboa.
Haren esanetan, geroztik hainbat neurri hartu dituzte koronabirusaren zabalkundea saihesteko, tartean, bosgarren solairua itxi eta garbitu dute eta baheketak egin dituzte.
Perezek gogorarazi duenez, pandemia hasi zenetik "ospitale guztietan" izan dira kutsatzeak, eta kasu horietan neurri egokiak garaiz hartzea da garrantzitsuena.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ere parte hartu du Perezen agerraldian, eta esan du positibo eman duten langileetako bik jasoa zutela txertoa, baina "zorionez" ez dutela aparteko sintomarik.
"Zenbatzen ari gara zenbat pertsona kutsatzen den edo zenbatek ematen duten positibo lehenengo dosia eta bigarrena jaso ondoren. Albo kalteak ere jarraitzen ari gara, eta farmazia zaintzako unitate bat ari da gertakari garrantzitsuenak jasotzen", azaldu du.
Sagarduik gogorarazi du txertoak "defentsa bat sortzen" duela "gaixotasunaren aurrean, eta gorputza erantzun horretan prestatzen" duela. Horregatik, "logikoa" omen da, portzentaia baxuan izanda ere, txertoa jaso arren gaixotasuna garatzea.
Zentro hau polemikaren erdigunean izan zen urtarrilean. Orduan, jakin zen 20 bat pertsonak txertoa jaso zutela ez zegokienean, tartean zuzendaritzako kideek, zenbait ordezkari sindikalek eta ospitalekoak ez ziren beste langile batzuek ere bai. Hori dela eta, Jose Luis Sabas zuzendari nagusiak dimisioa eman zuen.