Gizartea -

Koronabirusa

Erresuma Batuko aldaerak 62 pertsona kutsatu ditu Barakaldoko gimnasio batean

Gimnasioa aldi baterako ixtea erabaki dute. Erresuma Batuko anduiak dagoeneko covid-19 kasu berrien % 29,3 eragiten ditu Euskadin.

Barakaldoko gimnasioa. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Barakaldoko gimnasioa. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Barakaldoko gimnasioko erabiltzaile bat: 'Klasean musukoa kentzen uzten ziguten'

0:28

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren Erresuma Batuko aldaerak 62 pertsona kutsatu ditu Barakaldoko (Bizkaia) gimnasio batean. Gimnasioa aldi baterako itxi behar izan dute.

Jose Luis Quintas Osasun sailburuordeak eta Koldo Cambra Osasun Publiko eta Adikzioen zuzendariordeak prentsaurrekoa eman dute Gasteizen. Euskadiren egoera epidemiologikoa aztertu dute agerraldian.

Konkretuki, Barakaldoko gimnasio batean atzemandako agerraldia izan dute hizpide; izan ere, "positibo ugari pilatu dira". Fokuak 62 pertsonari eragin die, 59 erabiltzaileri eta hiru langileri. Baieztatu dutenez, agerraldia andui britainiarrak eragin du.

Guztira, 206 pertsonaren gaineko kontrola egin dute, horietatik 144k negatibo eman dute proban eta gainerakoek positibo. Kautelazko neurri gisa, gimnasioa aldi baterako ixtea erabaki dute. Aldi berean, instalazioak garbitu eta desinfektatuko dituzte.

Osasun arduradunek azpimarratu dutenez, agerraldi honetan babes neurriak (maskara, distantzia, aireztatzea eta aforoak) “zaintzearen eta betetzearen” garrantzia egiaztatu dute.

Erresuma Batuko aldaerak dagoeneko covid-19 kasu berrien % 29,3 eragiten ditu Euskadin. Ez du anduiaren intzidentzia handiagoak soilik kezkatzen, "aldaeraren erritmoak" berak baizik, "altua delako".

Gimnasioaren jabeari "falta larria" jarri diote

Brooklyn Fitboxing International frankiziak “falta larria” jarri dio Barakaldoko gimnasioaren jabeari. Gainera, gertatutakoa sakon aztertu ondoren frankizia kentzeko aukera ez du baztertu konpainiak.

Brooklyn Fitboxingek ohar batean azaldu duenez, “gaur jakinarazitako 62 positiboetatik asko ez dira instalazioetako erabiltzaileak”. “Barne ikerketa bukatu eta EAEko arduradunen datuak aztertu ondoren, kutsatuen benetako kopurua zehaztuko dute”, erantsi duenez.

“Erabiltzaileei egindako kaltea”, deitoratu du enpresak. Barakaldoko frankizian gertatutakoa argitzeko barne ikerketa martxan jarri dutela iragarri du konpainiak. Horretarako, informazio guztia helarazteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Gainera, bi langileren positiboaren berri izan bezain pronto zentroak “borondatez” itxi zuela adierazi du frankiziak, “eta ez agintarien aginduz”.

Datorren astelehenean berriro zabaltzeko baimena eman dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gimnasioari, baina barne ikerketa amaitu arte irekiera atzeratzeko erabakia hartu du Brooklyn Fitboxingek.

“Kezka handia sortzen digun gertakari baten aurrean gaude. Gure 140 gimnasioak Brooklyn Fitboxingen covid protokoloak eta eskualdean indarrean dagoen araudia betetzera behartuta daude. Guretzako funtsezkoa da gure erabiltzaile eta behargin guztien segurtasuna”, ziurtatu du enpresak.

Zentzu horretan, itxialdiaren ostean, 2020ko ekainean, gimnasioak berriz zabaldu zituztela gogorarazi du Brooklyn Fitboxingek. “Sei hilabete agerraldirik gabe, esparru segurua izatea demostratu dugu”, azpimarratu du konpainiak. Orduz geroztik, 2 milioi entrenamendu baino gehiago antolatu dituztela zehaztu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Barakaldo Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak