Gizartea -
Zibersegurtasuna
"Microsofteko teknikari faltsu" batek egindako iruzur batez ohartarazi dute
Iruzurgileak biktima engainatzen du ordenagailuan birus bat duela esanez, eta haren ordenagailuan sartzea lortzen du, gerora bankuko datuak lapurtzeko.
E. G. | EITB MEDIA
Ertzaintzak ohartarazi duenez, azkenaldian areagotu egin dira "Microsofteko teknikari faltsua" deitu den teknikaren bidez egiten diren iruzur-ahaleginak. Iruzurgileak biktima engainatzen du ordenagailuan birus bat duela esanez, eta haren ordenagailuan sartzea lortzen du, gerora bankuko datuak lapurtzeko.
Segurtasun Sailak ohar batean azaldu duenez, EAE guztian atzeman dituzte kasuak, baina Araban oso hedatuta omen dago.
Honako hau da iruzurraren mekanika: biktimak dei bat jasotzen du, ia beti telefono finkoan. Solaskidea ingelesez hitz egiten duen pertsona bat da, kasurik gehienetan indiar doinua duena eta Microsoften langile bat dela dioena.
Biktimari azaltzen dioenez, troiar batek ordenagailua kutsatu dio. Iruzurgilearen arabera, birus hori munduko erakunde garrantzitsuei, tartean FBIren webguneari, eraso egiten ari da.
Teknikari faltsuak bere burua eskaintzen dio biktimari sistema konpontzeko, lege-arazorik izan ez dezan. Horretarako, jarraibide batzuk ematen dizkio urrutitik kontrolatzeko programa bat instalatzeko.
Programa hori guztiz legezkoa denez, antibirusek ezin dute hauteman eta biktimari ez diote ohartarazten arriskutsua dela. Programa instalatu ondoren, iruzurgilea biktimaren ordenagailuarekin konektatzen da, eta horren kontrolaz jabetzen da. Irakurtezinak diren kodeak dituzten hainbat pantaila erakusten dizkio eta birusa aurkitu duela sinestarazten dio.
Desinstalatzeko itxurak egin ondoren, zerbitzua ordaintzeko eskatzen du, eta ez da diru asko izaten. Horretarako, biktima banketxearekin konektatzen da transferentzia egiteko. Delitugileak, ordenagailua kontrolatzen ari denez, biktimaren identitatea hartzen du, eta eskatutako dirua-kopurua igotzen du banketxeak baimentzen duen mugara arte.
Ertzaintzak uste du litekeena dela beste programa batzuk ere instalatzea, kutsatutako sistemak kontrolatzen jarraitu ahal izateko.
Aholkuak
Segurtasun Sailak honako gomendioak eman ditu: telefono zenbakia jaso eta Ertzaintzari jakinarazi APParen bidez edo di@ertzaintza.eus helbide elektronikoaren bidez. Esandakoei jaramonik ez egitea, Interneteko enpresa bakar batek ere (telefoniako operadoreek izan ezik) ez dielako erabiltzaileei deitzen ekipoetan dituzten arazoak konpontzeko Programa instalatu bada, desinstalatu, eta beste zerbait ere instalatu ahal izan denez, ekipoa leheneratu. Ekintza horiek oinarrizko ezagutza informatikoak dituen edonork egin ditzake. Hori bai, aurretik datuen segurtasun-kopia egin behar da horiek babestu ahal izateko.